euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Urriaren 25tik 29ra euskal zinema aztertuko du Iratxe Fresnedak New Yorkeko City University-ko Atxaga Katedran

2021/10/21

Iratxe Fresneda (Arrigorriaga, Bizkaia, 1974) zinemagile eta unibertsitate irakaslea.
Iratxe Fresneda (Arrigorriaga, Bizkaia, 1974) zinemagile eta unibertsitate irakaslea.

PUBLIZITATEA

New York, AEB. Urriaren 25 eta 29 bitartean, euskal zinema aztertuko du Iratxe Fresnedak City University of New York-en (CUNY), bertako Bernardo Atxaga Katedrak antolatutako zenbait mintegiren bidez. Mintegiak ‘Intersekzionalitatea eta small cinema-k. Kontaketak eta ikus-entzunezko ereduak: periferiak zentroan’ izenburupean eskainiko ditu zinegile eta irakasle bizkaitarrak, Etxepare Euskal Institutuak ohar baten bidez kaleratu duenez.

Bertan proposatu nahi du ibilbide bat, kontakizunen periferietatik sortu eta ekoitzitako zinematografia- eta telebista-testuen azterketa eta analisia abiapuntu hartuta. Euskal Herria eta herrialde nordikoak adibide izango ditu ulertzeko nola, zinema txikietatik, posible den publiko unibertsalera iristeko beste ikuspegi batzuk sortzea. Diziplina anitzeko hurbilketa baten bidez eta kasu-azterketen bidez, ikus-entzunezko testuek identitateak eta ikusteko moduak eraikitzeko duten zereginari buruz gogoeta egingo du.

Katedra horren xede nagusia euskal literatura eta hizkuntzalaritzaren inguruan ikerketa, ikasketa eta ezagutza sustatzea da. Bernardo Atxagak berak eman zion hasiera 2011ko irailean City University of New York-eko The Graduate Center-en. Bernardo Atxaga Katedrak euskal kulturari buruzko doktoretzako programa akademikoa eskaintzen du, eta ikasturte bakoitzean New Yorkera ekartzen ditu irakasle gonbidatuak.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia