San Frantzisko, AEB. Hilabete eskas barru, urriaren 21ean, San Frantziskon egoitza duela bertakoak euskal kulturaz eta euskaldunei dagozkien gaietan jakitun egitea helburu duen BEO (Basque Educational Organization) erakundeak bere Euskal Kultura Eguna ospatuko du So San Frantziskoko Gure Euskal Etxean. Azkenaldian, bi urtero antolatu izan du hitzordu hau BEOk, gero eta planteamentu berritzaileagoz eta oihartzun handiagoz, eta aurtengoan "Euskal Andreen Egintza Amerikan" (sic) izendatu du eguna, ingelesez "The Impact of Basque Women in America".
Daukagunetik nahi dugunera, gure burua hobeki ezagutu eta aurreratzen segi, litzateke filosofia, euskal kultura eta bertako gizartea ardatz. Jarduerak urriaren 21ean, eguerditik aurrera garatuko dira gauerainoko programa tarteko, mintzaldi, emanaldi eta aurkezpen ugarirekin, elkarrekiko hitza eta solasa lagun, eta bitartekari baita ere senidetasun afaria —euskaldunak baitira!— euskal kultura gaietan interesatzen direnen bilgarri. BEOk berak iragarri duenez, datorren honetan ere, solasaldien egitura iragana freskatu eta gogoratzea izango da —nondik gatozen—, hortik aurrera eginez egungo momenturaino heldu eta oraina azterturik ondorioak ateratzeko, geroa landu eta hobetu ahal izateko.
PROGRAMA
— 1. SAIOA: EMAKUMEAK, EUSKAL OSTATUEN BIZKARREZURRA
13:00etatik 14:00etara
Euskal ostatu eta hotelak funtsezkoak izan dira AEBko euskal komunitatearen historian, eta emakumeen rola euren barruan ordezkaezina izan da. Ezagutu eta ezagutarazi beharra dago emakume hauen indarra, kemena eta sendotasuna, aurrera egiteko ezinbestekoa den determinazio hori, ondoren sortuko ziren euskal komunitateei pasatuko baitzieten. Hemen proposatzen dena, elkarrizketa bizi bat da, moderatzailearen eta bost emakumeren artean, euretako bakoitza euskal ostatu baten esperientziari lotua gradu batean edo bestean. Hego eta Ipar Kalifornia eta Nevada egongo dira ordezkatuta panel honetan.
Partaideak
- Aña Iriartborde (Des Alpes, San Frantzisko, Kalifornia)
- Bernadette Berterretche Helton (Centro Basco, Chino, Kalifornia)
- Jenny Maitia Poncetta (Woolgrowers Restaurant & Cocktail Lounge, Bakersfield, Kalifornia)
- Marie Louise Lekumberry (J.T. Basque Bar & Dining Room, Gardnerville, Nevada)
- Meggan Laxalt Mackey (Thérèse Alpetche Laxalt French Hotel, Carson City, Nevada)
Moderatzaile: Jeronima “Jeri” Echeverria, Ph.D. historialaria eta hainbat libururen idazlea, tartean AEB Mendebaldeko euskal ostatuen historia egiten duen Home Away from Home eta AEB Mendebaldeko hainbat emakumeen biografiak biltzen dituen Portraits of Basques in the New World.
— 2. SAIOA: BARNE INDARRA: EUSKAL EMAKUMEEN POTRETA EDO ERRETRATUAK
14:15etatik 15:15etara gutxi gora behera
Boiseko Euskal Museo eta Kultura Etxean ikusgai dagoen erakusketaren zati bat bisitatu ahal izango da Gure Euskal Etxean. Hori baliatuz, Patty Miller-ek berau osatzeko egindako lana aurkeztuko du eta proiektu honetan nabarmendutako emakumeek izan zuten, eta etengabe azaldu behar izan zuten barne indarraz mintzatuko da. Patty Miller Boiseko Euskal Museo eta Kultura Etxeko kide fundatzaile eta bertako zuzendari eragilea izandakoa da.
— 3. SAIOA: EGUNGO EUSKAL EMAKUME LIDERRAK ETA EUREN ERAGINA EUSKAL KOMUNITATEETAN
15:30etatik 16:30etara, baina zeozer luza daiteke
Emakumeen rolek bilakaera nabarmena izan dute euskal komunitateetan ostatuen hasierako garaietatik. Bilakaera hau zenbait gauzaren ondorio da, tartean gizarte aldaketak, hezkuntza eta hezikera, hori guztia euskaldunek gure kulturari ekarri diogun "indar" dosi handiez zipriztinduta. Emakumeak horretan dira eta hori ekartzen ari zazkio bakoitza bere euskal komunitateari. Hirugarren saio honetan bigarren elkarrizketa bizi bat izango da, beste bost emakume solaskide, moderatzaile batekin. Boise, Nevada, Kalifornia eta Washington egongo dira ordezkatuta panelean.
Partaideak
- Argia Beristain. Garapenerako lehendakariordea, Boise State University, Boise, ID
- Esther Ciganda. Atleta/Hezitzailea/Ekintzailea, Moses Lake, WA
- Madalen Bieter. Irratsaio sortzailea / terapeuta fisikoa, Boise, ID
- Nere Lete Hezitzailea, Boise, ID
- Zoe Bray. Artista, Reno, NV
Moderatzaile: Marie Laxague Rosecrans Impact Industries Marketing zuzendari nagusia Salesforce-n. San Frantziskoko Gure Euskal Etxeko Zuzendaritza Batzordeko idazkari laguntzailea eta batzordekidea, eta bertako Batzorde Digitaleko presidentekidea, baita elkarte bereko 'Mendigoizaleak' (sic) mendizale taldeko buruzagi ere.
Ondoren, senidetasun afaria, euskal ostatuen ohiko moldean, Gure Euskal Etxeko pilotalekuan.