euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Urretabizkaia eta Jimenez pozik Alemaniako bidaiarekin, ate berriak irekiko dituenaren esperoan

2008/11/24

Edorta Jimenez, ezkerrean, eta Arantxa Urretabizkaia, eskubian, irratiak egin zien elkarrizketan (argazkia Bost Kultura)
Edorta Jimenez, ezkerrean, eta Arantxa Urretabizkaia, eskubian, irratiak egin zien elkarrizketan (argazkia Bost Kultura)

PUBLIZITATEA

Alemaniara lau eguneko bidaia egin ostean Arantxa Urretabizkaia eta Edorta Jimenez euskal idazleek hango irakurleek alemanieraz argitaraturiko 'Kuaderno gorria' eta 'Kilkerren hotsa' lanen irakurraldietan egin zieten harrera ona azpimarratu dute. Bi idazleak Alemanian lan hauek ezagutzera ematen dituzten bigarren aldia da, eta iaz bezala, bidaia honetik berriak etorriko direnaren itsaropena agertu duta. 'Iaz Frankfurtera egin genuen bidaiari esker, 'Kuaderno gorria' italierara itzultzeko aukera izan nuen', gogoratzen du Urretabizkaiak.

Donostia-San Sebastián. Alemanian lau eguneko bidaia egin ostean, Arantxa Urretabizkaia eta Edorta Jimenez idazleek esperientzia 'emankorra' izan dela azaldu dute, bai 'irakurraldiek izan duten harrera onagatik' eta baita ere 'bide berriak' ireki dizkielako. Euskal idazleek Nurnberg eta Wiesbaden hirietako liburu azoketan parte hartu zuten azaroaren 15 eta 16ean, iaz alemanieraz argitaratu ziren 'Koaderno Gorria' (Urretabizkaia) eta 'Kilkerren hotsak' (Jimenez) liburuak aurkeztuz (Pahl Rugenstein argitaletxeko Zubiak bilduman).

Euskal idazleen ekitaldi agenda larunbatean abiatu zen, Nurnberg-eko liburu azoka alternatiboan eman zuten irakurraldiarekin. Jende multzo polita bildu zen hara eta interes handiarekin entzun zuten ekitaldia, ostean egin zen solasaldian parte hartuz. Ondoren alemaniar irrati batek bi idazleak elkarrizketatu zituen. Azokan, Jimenezen eta Urretabizkaiaren liburuez gain Zubiak bildumako beste bi euskal eleberri izan ziren salgai: Anjel Lertxundiren  'Hamaseigarrenean aidanez' eta Aingeru Epaltzaren 'Rock and Roll'.

Bidaia eta ekitaldi berriak

Hurrengo egunean, azaroaren 16ean, idazleek mintzaldi berri bat eskaini zuten Wiesbaden-eko Prentsaren Etxean, hiriko idazle eta kultur arloko entzulego baten aurrean.  Giroa 'oso desberdina izan zen', azaltzen du bidaia antolatu zuen Bost Kultura agentziako Petra Elser itzultzaileak, 'baina arrakasta are handiagoa izan zen'. Entzulego eta idazleen arteko konexio ona nabaria izan zen mintzaldiaren ostean egin zen lunch-an, eta txakolina eta Idiazabal gazta pintxo artean idazleak hiriko kideekin mintzatu ziren. Petra Elser-en esanetan, bidaian 'kontaktuak egin eta Zubiak bildumaren hurrengo ekimenetaz hitzegiteko' parada egon zen.

Idazleak ere oso pozik agertu dira esperientziarekin. 'Iaz Frankfurtera egin nuen bidaian 'Koaderno gorria' italierara itzultzeko aukera sortu zen, ea zer dakarren liburuak oraingoan; bigarren bizitza bat izaten ari da', azaldu zuen Urretabizkaiak. Edorta Jimenezek 'Piztien Itsasoa' trilogia alemanierara itzultzeko interesa dagoela azpimarratu zuen.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia