Macachin, Argentina. 2020ko (bertako) udaberrian zabaldu zuen Macachingo Euzko Alkartasunak ‘Euskal Sustraiak’ proiektuaren berria, Macachinera eta bere ingurura (Alpachiri, Rolón, Anchorena, Miguel Riglos eta Doblas herrietara) zazpi probintzietatik iritsitako euskal immigranteak omentzea helburu. Hiru urratsetan: etorkin horien datuak biltzea Artxibo Historiko bat osatuz; herriko ipar aldean Monumentu bat kokatzea; eta herri erdigunean, Euskal Etxearen aurreko plazan, Gernikako Arbolaren kimuaren ondoan, etorkinen datuak biltzen dituzten hamar plaka jartzea.
Lan handia egin dute geroztik azken hilabeteotan Euskal Etxeko bazkideek, 500 bat immigranteren datuak bilduz. Artxiboa, hala ere, irekita utziko dute datu berriak agertuz gero, sartzeko aukera izateko. Izen eta datuok plaketan jartzeaz gain, Euskal Etxeak laster inauguratuko duen webgune batean ere ipiniko dira ikusgai. Tomas Vicente Euskal Etxeko idazkariak EuskalKultura.eus-i adierazi dionez, “Weborri berrian immigrazioari buruzko atal berezi bat atonduko dugu, munduko edozein lekutatik ikusi ahal izateko”.
Monumentuan ere badira aurrerapen nabariak eta Euskal Etxeko pilotari ere baden Mauro Stefanazzi ari da egiten. Monumentuaren eta plaken inaugurazioa martxoan zen egitekoa, baina osasun egoerak baldintzatuta atzeratu behar izan da. “Seguruenik datorren martxoan egingo dugu, (bertako) uda bukatu eta gero. Izan ere, euskal etxeak gonbidatu nahi ditugu eta gure etorkinekin batera, beste euskal etxeetakoak ere omendu nahi ditugu”, adierazi digu Vicentek.