Montevideo, Uruguai. Montevideoko Euskal Erria Euskal Etxea urrats berriak ari da ematen elkarteari indar berria ekarri eta gero eta etorkizun hobea ematearren iragan oso aberats bati, ez baita ahaztu behar erakunde honetatik ekarpen handiak egin zaizkiola historikoki euskal kulturari eta euskal errealitate nazional eta internazionalari. 1912an jaiotako Euskal Erriak Zuzendaritza Batzorde berria osatu zuen iaz, etapa berri bati ekiteko apustuarekin, Paola Rossano Ampo buru, eta orain kanpaina bat jaurti du gonbidatuz bazkide eta zaleak ideiak eta proposamenak ematea eskatuz, bost batzorde bideratuz: Kultura, Kirolak, Festak, Gastronomia eta Benefizentzia, batzuk dagoeneko sortuta, besteren bat sortzeke.
"Iritzi eta ekarpen guztiak dira ongi etorriak, biziki estimatzen dugu jendearen partaidetza, eta inklusiboak nahi dugu izan eta bazkide eta lagun guztiei aukera eman nahi diegu partaide izateko, fisikoki bertaratuz edo online. Guztiengana iritsi nahi dugu gure gonbidapenean, gure gizataldeko gazteenengan eta zaharrenengan, euren ekarria eskertuz, eta prozesu horretan errazturik sarbidetasuna parte har dezaten geure egoitzara igotzeko arazoak izan ditzaketenei. Baita Montevideotik kanpo beste departamenturen batean bizi direnei ere, euren bilgarri ere izan nahi dugu, geure parte senti daitezen", azaldu dio EuskalKultura.eus-i Paola Rossanok.
Honako Batzordeak abiaraziko dira: Kultura, Kirolak, Festak, Gastronomia eta Benefizentzia. Gastronomian tailerrak eratuko dira, eta elkarte gastronomiko moduko bat sortuko
Euskal Erriak proposamen ireki bat plazaratu du sareen bidez eta emailez, eta orain arte oihartzun polita lortu du. EEko lehendakariaren hitzetan, "Zorionez, mezu gogotsu asko jaso ditugu bat eginez", dio. "Bilera batera deituko dugu Inauterien ondoko astean interesatu guztiekin batzordeak eta lantaldeak osatzearren, Kontseiluko kideak ere partaide. Behin batzordeak osatuta, berehala jarriko ditugu lanean, indar horiek batuz, Kontseiluan lanean segitzen baitugu 2025eko ekitaldi egutegia moldatzen".
"Ekarpen eta proposamen guztiak dira ongietorriak, batu nahi ditugu eta ahal bezain pronto osatu 2025eko programa eta partekatu"
"Ilusio bereziz ekingo diogu, esaterako, Benefizentzia Batzordea berriro eratzeari, historikoki oso garrantzitsua izan baita gure EEan, zutabe izanez beharrean zeudenentzat. Kirolak eta Kultura martxan zeuden jadanik, eta apustua indartzea da; Kiroletan, adibidez, erronketako bat Euskal Erriko pilotariek berriro ikurrinaren koloreak Uruguaiko Pilota Federazioaren Txapelketan defenditzea da. Eta Euskal Etxeko Txapelketa antolatzea Uruguaiko departamentu guztietako pilotariekin".
"Gastronomian ere, berri on batez gatoz, euskal gastronomia tailerrak antolatzeaz gain, txoko bat, elkarte gastronomiko bat abiatzekotan baikaude aurten bertan Euskal Erriaren barruan!".
Harremanetan jartzeko:
Euskal Erria, Institución de Confraternidad Vasca
San José 1165, Montevideo
+598 2 9087977
www.instagram.com/euskalerria1912