euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Urkulluk Quebec dagoeneko buruan, Kolonbiako bidaian hiru egunetan 15 ekitalditan parte hartu ondoren

2017/06/05

Lehendakaria Ruben Trincado eta Txano Etxaniz sukaldari donostiarrak agurtzen, eurak buru gastronomiko dituen Bogotako Seratta jatetxean (arg. Mikel Arrazola)
Lehendakaria Ruben Trincado eta Txano Etxaniz sukaldari donostiarrak agurtzen, eurak buru gastronomiko dituen Bogotako Seratta jatetxean (arg. Mikel Arrazola)

PUBLIZITATEA

Amaitu du Urkulluk Kolonbiarako bidaia. Itzulerako hegaldia bertan behera geratzekotan egon zen, baina Lehendakariak taldeko gainerakoekin hegazkin berean itzuli nahi izan zuen. Arrakasta politikoa, Urkullu Santos presidentearekin bildu baitzen, hasieran hala iragarri ez bazuten ere. Gaiak: enpresak eta ekonomia, eta Bakegintza. Urkullu euskal enpresekin eta Kolonbiako euskaldunekin bildu zen biadaiko lehenengo egunean. Eta egitarauz kanpo, Ruben Trincado eta Txato Etxaniz donostiarrek Bogotan zabaldu duten jatetxe mediterraneoaren inaugurazioan parte hartu zuen. Miguel Villameriel-ek  El Diario Vascon sinatzen duen artikulua laburbildu dugu hona.

Bogota, Kolonbia. «Ez dugu galtzeko denborarik», zioen Iñigo Urkulluk Bogotan, ekitaldi bat ondokoarekin kateatzen zuela ia batere atsedenik gabe. Lehendakariak kanpora egiten dituen bidaiek hain agenda estua izaten dute, olgeta bidaia baten guztiz kontrakoa direla. Urkullu buru izanik euskal ordezkaritzak Bogotan eman dituen hiru egun osoetan, lehendakaria hamabost ekitaldi ofizialetan izan da partaide, aparteko ekitaldiren bat ere ahaztu gabe kolonbiar erakundeen ezaugarri den inprobisazioak eraginda. Bogotan eman dituen hiru egunak erabat zukutuz, esan daiteke mandatariak, ekitaldi bakoitzera zeraman autoko lehiatilatik baizik ez duela ikusi hiria. Urkulluk buruan dauka dagoeneko atzerrira egin behar duen hurrengo bidaia, Quebec-era urri azkenean, sentimentu abertzale handia zabaldua duen lekua.

Aurrekusitakoaren arabera atera da oro har bidaia, nahiz eta segurtasun arloan oraindik ere neurri zabalak eskatzen dituen herrialdea izan, hamarkadatako gatazka armatuaren ondoren. Gorabehera bakarra ostiral arratsaldean sortu zen, dagoeneko Bogotako aireportuan, euskal ordezkaritza Madrilgo aireportura eraman behar zuen Iberiaren hegaldiak arazo teknikoak izan zituenean, ia bertan behera uzteraino. Azkenean hiru orduko atzerapez aireratu zen, baina luzaroan hegaldia bertan behera uztekotan egon ziren eta Espainiako Enbaxadak lau eserleku libre zeuzkan beste konpainia batean bidaiatzea eskaini zion Urkulluri, honek ezezkoa emanez: «Guztiak sartzen ez bagara, taldearen gainerakoekin itxarongo dut», esan zuen. Bi ordu geroago espedizio osoak ekin zion Euskadirako bideari.

Urkulluk bidaia «oso positiboa» izen dela pentsatuz doa Kolonbiatik. Eusko Jaurlaritzako espedizioak zekarren helburu nagusia Kolonbiarekin lotura akonomikoak areagotzea eta enpresa berriak bertara iristea erraztea zen, gaur egun ere Hegoamerikan euskal enpresa gehien biltzen dituen herrialdea izanik, 70 bat. Euskal gobernuaren aurreikuspena, dena den, Kolonbiak bizi duen bake prozesu medio euskal enpresen kokapenak gora egin dezakeela da. Kolonbiar estatuaren eta FARCen arteko bake akordioa izan da Urkullu itsasoz bestaldera ekarri duen bigarren arrazoia euskal ordezkaritzako buru, Arantxa Tapia Jaurlaritzako Garapen Ekonomikoko departamentuko arduraduna ere buru.

Osteraren arrakasta politiko handia, Lehendakaria eta Kolonbiako presidente Juan Manuel Santos azkenean bildu ahal izatea izan da, Presidentearen Jauregian. Bilera ez zegoen iragarrita, eta ezuste atsegina izan zen oso. Urkulluk azpimarratu zuen ez zela «argazki soil bat Santosekin», baizik eta presidentearen keinuak, Lehendakariak Kolonbiako Bakearen Komisionatu Garai Sergio Jaramillorekin zeukan bilerara biltzearekin, argi uzten duena «Euskadi autonomi erkidego bat dela, bai, baina berezko nortasuna duena». «Honelako keinuek ahalbideratzen dute euskaldunak harro senti dezagun eragile garrantzitsua garela munduan», baitetsi zuen Kolonbia utzi baino lehenago.

Santosen ezustea

Eusko Jaurlaritza, autonomi erkidego baten ordezkari denez, bere elkarretaratze instituzional guztiak Espainiako Enbaxadaren bitartez bideratu behar ditu. Testuinguru horretan, bidaiak ofiziala antolatzen duten arduradunek kexu izan ohi dira enbaxadek ez baitiete erraztasun handirik ematen euskal erakundeei maila goreneko bilerak antolatzeari dagokionez. «Eta batzuetan konformatzen gara guk hilabetetan egin dugun lana honda ez dezaten», diote. Kolonbiaren kasuan, Enbaxadak abisua pasatu zion Jaurlaritzari esanez Santos presidenteak ez zuela aurreikusten Lehendakaria errezibitzea bidaia honetan. Hortik garrantzitsua izatea Santos presidentearen keinua ezustean agertuz Urkulluk eta Jaramillok presidente jauregian egindako bilerara.

Protokoloz kanpoko ekitaldi bakarra ostegun gauean euskal loturak dituen jatetxe baten inaugurazioa izan zen. Ruben Trincado (Mirador de Ulia jatetxea) eta Txano Etxaniz donostiarrak buru ditu Bogota erdiguneko merkatalgune batean ateak zabaldu berriak dituen jatetxe batek. Trincadok eta Etxanizek baiezkoa eman zioten euren sukaldea Kolonbiakoarekin fusionatuko dituen proiektu bati, eurak alderdi gastronomikoko arduradun. Urkulluk berak eta euskal ordezkaritzak afari gustagarri bat dastatu ahal izan zuen Seratta jatetxearen inaugurazioan, Bogotan pasatutako infartozko hiru egunetako tentsioen aringarri.

(2017ko ekainaren 4an El Diario Vascon argitara emana)



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia