Santiago, Txile. Lehendakaria ohorezko gonbidatu legez, atzo itxi zen Mar del Platan Argentinako 2018ko Euskal Aste Nazionala. Urkulluk, gainera, sorpresa berezia eman zien bildutako ia mila euskal-argentinarrei, amaiera-otordua bukatzear zegoela txistua eta danbolina atera eta 'Ikusi mendizaleak' jo zuenean, eta ondoren, ekitaldia bururatzeko, Agur Jaunak. Publikoak zutik eta hunkituta erreakzionatu zuen, askok unea bideoz biltzen eta ororen buru amaiera ezinhobea emanez azken egunotako euskal-argentinar festa nagusi honi.
Bere keinu honekin Urkulluk bat egin zuen, bere hondar alea ipiniz, Euskal Astean zehar euren lana eta kultur engaiamendua erakutsi duten Argentina eta Uruguaiko hamaika euskal etxe eta lekutako dantzari, soinujotzaile, atabalari eta txistu eta txirulariekin.
Ondotik, Urkullu buru zuen ordezkaritzak bazkari erraldoia gertaleku izan zuen Hotel Probintzialeko aretoa utzi eta bidean jarri zen bira honetako bigarren herrialdera, Txilera, non gaur goizeko zortzietatik aurrera agenda estua daukan bertako agintari, enpresa, elkarte eta euskal komunitateko kideekin.
Izan ere, Lehendakariak harrera-ekitaldia eskainiko dio iluntzeko zazpi t'erdietan Santiagoko Eusko Etxean Txileko euskal komunitateari.
LEHENDAKARIAREN EGITARAUA TXILEN
08:00.- Topaketa Corporación Vasco-Chilenarekin. Euskadiren Txileko Ordezkaritzaren egoitzan
12:00.- Bilera Carlos Montes Senatuko presidentearekin, Biltzar Nazionalean
13:00.- Bazkaria CPC-Confederación de la Producción y el Comercioko ardunadunekin, Alfonso Swett bertako presidenteak eskainia
15:00.- Topaketa Isabel Plá Emakumearen eta Genero Ekitatearen ministroarekin. Emakunderekin akordioa sinatzea
19:30.- Harrera Txileko euskal komunitateari Santiagoko Eusko Etxean (Av. Vicuña Mackenna, 547). Lehendakariaren adierazpena