euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Urkullu Sagar Handian, EHMG mintegiaren bigarren saioa eta dena prest NYen Mendeurrenaren Galarako

2013/10/11

Atzoko hitzaldietako bat, Xabier Irujo historialaria hizlari, EHMG mintegiaren baitan, Columbia Unibertsitatean (argazkia EuskalKultura.com)
Atzoko hitzaldietako bat, Xabier Irujo historialaria hizlari, EHMG mintegiaren baitan, Columbia Unibertsitatean (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Iñigo Urkullu lehendakaria gaur sartuko da New Yorken, AEBetara egiten ari den bidaiaren azken zatian. Goizean bilera eta aurkezpen bat izango ditu Columbia Unibertsitatean eta segidan beste bilkura bat Guggenheim Fundazioko buruzagitzarekin. Ondotik, New Yorkeko Eusko Etxearen Mendeurreneko ekitaldietara bilduko da. EENYen egoitzan, EHMG mintegiaren bigarren saioa izango da gaur, partaide direla Anna Aguirre, Argitxu Camus-Etchecopar eta Joseba Etxarri, EuskalKultura.com-en zuzendaria, eta ondoren Kalakan hirukotearen emanaldi bat. Astebururako dena dago prest Eusko Etxea of New York elkartearen Mendeurren ospakizun handirako.

New York, AEB. Estatu Batuetara egiten ari den bidaiaren baitan --dagoeneko Washington DC eta Wisconsin-eko Milwaukee-n ibili ostean-- Urkullu lehendakaria New Yorkera iritsi da, astelehenean Euskal Herrira atzera egin aurretik nazio honetan pasatuko dituen azken egunetan. Washinton hiriburuan emandako azken orduetan, Euskadiren bakearekin zerikusia daukan bisita egin zuen Bakearen Institutura, bertan bere Bakearen eta Elkarbizitzaren Plana aurkeztuz (ikus jarraian dagoen lehenengo bideoa). Milwaukee-n, berriz, eduki zinez ekonomikoko bisita batean, hiriko Tom Barrett alkatearekin bildu zen, demokrata bera (ikus bigarren bideoa).

 [Urkullu lehendakariaren prentsaurrea Washingtongo Bakearen Institutuan. Bertan bere gobernuaren Bakerako eta Bizikidetzarako Plana aurkeztu zuen Urkulluk (bideoaIrekia)]

[Milwaukee-ko alkate Tom Barrett-ekin emandako prentsaurrea (bideoaIrekia)]

New Yorken Urkulluk bat egingo du hirian EENY (Eusko Etxea of New York) euskal elkartearen Mendeurrena ospatzeko antolatu diren ekitaldiekin. Aurretik, gaur goizean mahai inguru batean hartuko du parte Columbia Unibertsitatean, gaia "euskal eredua, ikasitakoak eta erronkak giza garapen iraunkorrerako" izanik eta iragan mendeko 40. hamarkadan besoak zabalik Jose Antonio Aguirre lehendakaria irakasle hartu zuen unibertsitate honetako buruzagiekin bilduko da. Ondoren Salomon R. Guggenheim Foundation & Museum of New York erakundearekin bilduko da, Bizkaiko Fori Aldundiko diputatu nagusi Jose Luis Bilbao eta Kultura diputatu Josune Ariztondo ere partaide.

EHMG mintegia

Aldi berean, Columbia Unibertsitatean baina atzo, Euskal Herria Mugaz Gaindi (EHMG) izeneko euskal historia eta diaspora mintegiaren bi eguneko jardunaldien hasiera izan zen, “Basques in New York and beyond” izenburu orokorraren pean. Sarrera hitzak Jose C. Moya (Columbiako Unibertsitatea) eta Oscar Alvarez Gila (Euskal Herriko Unibertsitatekoa) irakasleek eskaini zituzten. Arratsaldean zehar hizlari izan ziren William A. Douglass (Nevada, Reno-ko Unibertsitatea), Alberto Angulo (Euskal Herriko Unibertsitatea), John Bieter (Boise State University), Xabier Irujo (University of Reno, Nevada), Ludger Mees (Euskal Herriko Unibertsitatea) eta Oscar Alvarez Gila (Euskal Herriko Unibertsitatea). Bere borondatez kanpo arrazoiak tarteko, ez zuen bertaratzerik izan Pedro J. Oiarzabal-ek (Deustuko Unibertsitatea).

 2013-10-10 EHMG new york 01

 [John Bieter, Boise State University-tik (BSU) etorria, eskuzabal agertu zen, bere hitzaldia ematearekin batera, 'Boga'rekin, BSUko Euskal Ikasketen Zentroa kaleratzen hasi den 'Boga' buletinaren ale batzuekin bertaratu baitzen. Internet bidezko aldizkari birtuala izango da 'Boga'. Bere lehenengo zenbakia modu berezian eskaintzen dio Boisen zendu berria den Pete Cenarrusari (argazkiaEuskalKultura.com)]

2013-10-10 EHMG new york 02

[Galderen txanda. Mahaian ezker-eskuin, John Bieter, Alberto Angulo, Oscar Alvarez Gila eta William Douglass. Hizlari izan ziren baita ere Xabier Irujo eta Ludger Mees. Sorbalda emanez, mikroa eskuetan dago José C. Moya (argazkia EuskalKultura.com)]

2013-10-10 EHMG new york 03

[Atzoko saioen ondotik hizlari eta entzuleen arteko biltze eta komentatzeak. Irudian, hizlari eta antolatzaile taldekoa zen Oscar Alvarez Gila (ezkerrean) solasean entzule izan ziren Ibarretxe lehendakariarekin eta Asier Vallejo Itsasorekin, azken hau Jaurlaritzako Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaria. Jaurlaritza babeslekide izan du EHMGren 10. edizio honek (argazkia EuskalKultura.com)]

EHMG mintegiaren bigarren zatia gaur arratsaldez garatuko da hiriko Eusko Etxean. Solastuko dira Anna Aguirre, New Yorkeko Brooklynen jaioa, aita eta ama ere Diasporako euskaldunak zituela, biak euskaradunak baina Europatik kanpo jaioak; bere gaia, New Yorkeko hiru euskal  belaunaldi izango da, bere familiaren historia euskaldunaren ibilbidea aurkeztuz. Ondoren Argitxu Camus-Etchecopar ziberotarra mintzatuko da, NABO gai harturik, izan ere NABOri buruzko liburu baten egilea da, Pariseko Euskal Etxeari buruz ere liburua argitaratua duen emakume gazte hau; eta EHMGri amaiera ipiniz, EuskalKultura.com-eko zuzendari  Joseba Etxarrik hitz egingo du, New Yorkeko euskal etxeaz eta Estatu Batuetako errealitate eta erronkez. Gero, zortzietan, Kalakan taldeak kontzertua eskainiko du euskal etxean bertan.

Bihar larunbatekoi saioa, berriz, goizeko zortzietan hasiko da, NABOren udazkeneko bilerarekin. Deituta daude federazio euskal-amerikarreki kide diren Estatu Batuetako eta Kanadako euskal etxe guztiak, berrogeitik gora. Bileraren itxiera  Urkullu lehendakariaren hitzek ipiniko dute. Gero euskal dantza eta kantu emanaldi bat izango da Brooklyn-go East River State Park delakoan, eta iluntzean afaria Eusko Etxean. Igandean, ostera, Josu Iriondo NYeko apezpiku laguntzaileak euskal emza emango du Bosgarren Hiribideko St Patrick  katedral famatuan, eta emanaldi gehiago izango dira, Euskal Herritik etorritako Andoaingo Dantza Taldea eta Bilboko Iralabarriko korala partaide, eta Utah-ko Triskalariak dantza taldearen eskutik. Eta igandea bururatzeko, asteburuko ekitaldi lodia: Mendeurrenaren Gala Handia, arratsaldeko seietatik aurrera.

Egitarauari egun estra bat emendatuz, astelehenean --jai da bertan, Columbus Day-- euskaldunek urtero Bosgarren Hiribidean zehar egiten den Columbus Day Parade izeneko kabalkada edo desfilean hartuko dute parte, euren musikari, dantzari eta kantuen laguntzarekin. Ordurako aireportutako bidean egongo da dagoeneko Urkullu lehendakaria, lehenengo orduan bere bidaiaren balantzea eginez emandako prentsaurrearen ondoren.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia