Montreal, Quebec. Euskal Herritik atzo abiatuta, Iñigo Urkullu lehendakariak gaur goizean hasiko du Quebec eta Kanadara egingo duen bidaiaren agenda ofiziala. Bisita Quebec-eko hiri handienean hasiko du, Montreal-en, Bortizkeriaren Erradikalizazioa Prebenitzeko Zentroa bisitatuz; arratsaldean Montrealgo Nazioarteko Harremanetarako Kontseiluan konferentzia emango du eta Orbinox euskal enpresa bisitatuko du, eguna Quebeceko euskal komunitateari harrera ekitaldi bat eskainiz bururatzeko.
Lehendakariarekin batera dira Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua eta Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazdari nagusia. Urkullu lehendakariak legealdi honetan egiten duen atzerrirako bosgarren irteera du honakoa, Erroma, Auschwitz, Brusela eta Bogotá hiriak bisitatu ondoren.
(Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Marian Elorza Lehendakariaren bidaiaz mintzo)
Jakinarazitako programaren arabera, Urkulluk goizeko bederatzietan bisitatuko du Indarkeriaren Erradikalizazioari Aurrea Hartzeko Zentroa eta bisita amaitu ondoren, adierazpenak egingo ditu zentroko zuzendariarekin batera. Arantxa Tapia sailburuak, bere aldetik, bilera egingo du Hydro-Québec-en.
Eguerdiko hamabietan, Urkullu lehendakariak hitzaldia emango du Conseil des Relations Internationales de Montréal-CORIM-en. Eta bazkalostean, lehendakariak eta sailburuak Orbinox euskal enpresa bisitatuko dute.
Arratsaldeko seietan, Urkullu eta euskal ordezkaritza Quebec-eko euskal komunitateko kideekin bilduko dira --Montreal Jaurlaritzak ofizialki onetsitako Quebec-eko Euskaldunak Euskal Etxearen egoitza da-- eta hitzaldia emango du euren aurrean, 407 Rue Saint Pierre helbidean.
Urkullu lehendakariak legealdi honetan --2016tik hona, alegia-- egiten duen atzerrirako bosgarren irteera u hau, aurretik Erroma, Auschwitz, Brusela eta Bogotá hiriak bisitatu ondoren.
jaurlaritzatik adierazi dutenez, Nazioartekotzeko 2020rako Basque Country Esparru Estrategian lehentasunezko kidea da Quebec. Bidaia ofizial honek aukera berriak ireki ditzake, Euskadirentzat zein Quebecentzat., hala nola erakunde-harremanen alorrean, bi gobernuen arteko lehenengo akordioari esker, baita kultura- eta ekonomia-alorretan ere, CETA akordioa onartu ostean. Aste honetan elkarrekiko harremanak bideratzen dituen memoranduma sinatuko dute Jaurlaritzako eta Quebec-eko gobernuko ordezkariek.
Aste bereziki trinko baten ostean tokatu da lehendakariaren bidaia, Espainiar Estatuan Kataluniako egoerak gaiztotzeko urrats berriak eman ostean eta Urkullu bera bitartekaritza lana egiten saiatu ondoren. Urkulluk elkarrizketa eta itundutako bidea proposatzen du Katalunia eta Madrilen arteko harremanak bideratzeko, eta "kezka handia" agertu du datozen egun eta asteetan gerta daitezkeen egoeren aurrean. Urkulluk bere kontrako jarrera adierazi du Espainiako Konstituzioko 155 artikulua aplikatzeari eta honen ondorioei dagokienez, eta nahiago izan du zertxobait itxarotea Kataluniako aferari buruzko bere jarrera adierazi aurretik.