Vitoria-Gasteiz. Urriaren 30etik azaroaren 3ra luzatuko den egonaldian, Urkullu buru duen Eusko Jaurlaritzako ordezkaritzak erakunde-harremanak izango ditu Philippe Couillard Quebeceko lehen ministroarekin, eta lankidetza-memoranduma sinatuko dute. Horrez gain, Quebeceko Parlamentuko kideekin bilduko da, baita Lehen Ministrordea eta Ekonomia, Berrikuntza eta Zientziako ministroa denarekin ere.
Lehendakariak bi hitzaldi egitea ere aurreikusi da, bat Montrealeko Nazioarteko Harremanetako Kontseiluan (CORIM) eta bestea herrialdeko unibertsitate garrantzitsuenetako batean, Laval Unibertsitatean.
Enpresa-topaketei dagokienez, euskal ordezkaritzak zuzen-zuzenean ezagutuko ditu nazioartekotutako euskal enpresa batzuk eta Quebeceko punta-puntako sektoreak, hala nola Orbinox. Halaber, Lehendakariak IREQ bisitatuko du, nazioarteko eremuan erreferentziazko energiarekin lotutako I+G institutua.
Hirian egoitza duen Euskaldunak Quebec elkarteari dagokionez, aurreikusita dago Urkullu lehendakaria Quebeceko euskal erkidegoarekin biltzea eta euskal balea-arrantzaleek inguru hartan utzitako ondarearekiko hurbilketa egitea, Parcs Canada erakunde federalarekin akordio bat sinatuta, erakunde horrek kudeatzen baitu Kanadako kultura- eta natura-ondarea. Azkenik, Gobernu Federalaren Global Affair saileko ordezkariekin ere batzarra izango du..
Euskadi - Basque Country proiektatzea
Jaurlaritzatik zehaztu denez, hau izango da lehendakariak legegintzaldi honetan atzerrira egiten duen bosgarren irteera. Atzerrirako bisitaldi hauekin, Eusko Jaurlaritzak, lehendakaria buru dela, Basque Country estrategia kanpoan proiektatzen jarraitu nahi du, eta, horretarako, erakundeekin eta politikaren, ekonomiaren eta kulturaren munduko kideekin biltzen da, eta beste herrialde batzuekin itunak sinatzen ditu. Quebec sartuko da Aliantza Estrategikoko Sarean. Sare hori 6 eskualde liderrek osatzen dute (Akitaniak, Bavariak, Flandriak, Querétarok, Jiangtsuk eta Cundinamarcak.)
Euskadi-Quebec harremana
Harreman historikoa dago Euskadi eta Quebec artean, eta etorkizunean lankidetza-bide berriak jorratzeko oinarria izan daiteke harreman hori. Kulturaren arloan, euskal balea-arrantzaleak Quebeceko lurraldean finkatu ziren garaietan hasi zen bi herrien arteko harreman historikoa. Quebeceko kostaldeko lurraldeetan duela mende batzuetatik izan da euskal presentzia. Esate baterako, Trois Pistoles herrian Euskal Abenturaren Parkea dago, eta handik kilometro gutxira, Ternua eta Labrador probintzian, oraindik ere euskaldunen “nazioarteko lehen ezarpen” handiaren arrastoak daude, balearen ehiza eta industria. Gaur egun, Montrealeko Euskal Etxeak biltzen du Quebecen bizi den euskal-erkidegoa.
Azken urteotan, harreman estua sortu da ingurumenaren arloan, eta batez ere klima-aldaketaren arloan. Bestalde, Euskadik zein Quebecek kanpoan proiektatzeko ikuspegi bera dute, eta etorkizunean baterako ekintzak gauzatzeko nahia azaldu dute.
Ekonomiaren arloan, berriz, eta CETA behin-behinekoz abian jarri ostean, Euskadi Europara —Atlantikoko aurrealdean— sartzeko atea izan daiteke Quebecentzat, eta, era berean, Quebecek erraztu dezake euskal produktuak Kanadako eta Ameriketako Estatu Batuetako merkatuan sartzea —euskal esportazioen helmuga nagusietako bat—.
Iturri ofizialetatik azpimarratu denez, egun Quebec lehentasuneko bazkidea da Euskadi-Basque Country 2020 nazioartekotzeko esparru estrategiaren barruan. Haren kultura eta hizkuntza-aniztasunaren babesagatik, Euskadirekin lotzen duten harremanengatik, berrikuntzaren aldeko apustuagatik edota aldaketa klimatikoaren kontrako jarreragatik katalogatu da lehentasuneko bazkide. Lehendakari batek Quebec bisitatzen duen lehen bidaia ofiziala da. Urkullurekin batera Arantxa Tapia, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituren sailburua eta Marian Elorza Kanpo Harremanetarako Idazkari Nagusiak izango dira.
Euskadirentzako zein Quebecentzako aukeren agertoki batean biltzen da bidaia ofiziala. Aukerak erakunde-harremanen arloan, lehen aldiz bilduko baitira bi gobernuak, eta kulturaren eta ekonomiaren arloan, CETA akordioa onartu ostean. Gainera, Eskoziak eta Quebec-ek legaltasun printzipioa eta printzipio demokratikoa uztartzearen eredu dira hitzartutako legezko galdeketaren bitartez, adierazi du Jaurlaritzak.