Vitoria-Gasteiz. Iñigo Urkullu lehendakariak bidaia ofiziala hasiko du New Yorkera datorren astelehenean, uztailaren 15ean, Nazio Batuen High Level Political Forum (HLPF, Maila Garaiko Forum Politikoa) 2019 delakoan parte hartzeko. Bertan, Euskadin garapen jasangarriaren arloan egiten ari diren aurrerapenak aurkeztea aurreikusten du. Bisitaren baitan, New Yorkekeko alkateorde Phil Thompson-ekin ere bilduko da Urkullu, besteak beste. Asteartean, arratsaldeko sei t'erdietan Lehendakariak harrera-ekitaldia eskainiko dio New Yorkeko Euskal Komunitateari, Millenium Hilton New York Hotelean.
Euskadi, Agenda 2030en eta GJHen ezarpenean izandako aurrerapenak aurkezteko gonbidatu dute New Yorkera, arlo honetako euskal ekimenak aitzindariak baitira, adierazi dute Lehendakaritzatik, Iñigo Urkulluk Bonu Jasangarrien ekimena aurkeztuko duela gehituz, horren bidez, Eusko Jaurlaritzak 1.100 milioi euro bereganatu dituelarik, gizarte- eta ingurumen-inbertsioetara bideratzeko.
Lehendakaria nazioarteko forum horretan parte hartuko duen autonomia-erkidego bateko lehenengo presidentea izango da. Urkullurekin batera euskal ordezkaritzako partaide izango dira Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Marian Elorza eta Estatu Batuetako Euskadiren ordezkari Jorge Fernandez.