euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Urkullu lehendakariak Gaztemundu 2017ko gazte partaideak errezibitu ditu Ajuria-Enean (bideoa)

2017/09/08

Harrera ekitaldiko une bat atzo Ajuria Enean, gazte musikariak musika jotzen Urkullu bertan dela (argazkia Irekia)
Harrera ekitaldiko une bat atzo Ajuria Enean, gazte musikariak musika jotzen Urkullu bertan dela (argazkia Irekia)

PUBLIZITATEA

Joan den igande-astelehenean hasita, aurrera darrai Euskal Herrian Gaztemundu 2017, munduko hainbat euskal etxetatik etorritako 14 gazte musikarirekin. Aurten musikari eta euskal instrumentuei eskainia, Argentina, Txile eta Uruguaitik etorritako gaztteak Ajuria-Enearaino heldu ziren atzo, Iñigo Urkullu lehendakariak eskaini zien harrera-ekitaldian parte hartzeko. Heldu ere, euren instrumentuekin heldu ziren eta erakustaldi bat egin zuten Lehendakariaren aurrean. Bere hitzetan, Urkulluk euren euskaltasuna eskertu zien eta "musika gure herriaren kulturaren funtsezko adierazpide"tzat jo zuen.

Vitoria-Gazteiz. Harrera ekitaldia Ajuria-Eneako lorategietan egin zen eta gazteekin batera Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Marian Elorza eta Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendari Gorka Alvarez bertaratu ziren, baita egun hauetan partaideen irakasle eta erakusle izaten ari diren adituetako batzuk. Gogoratu Gaztemundu, Eusko Jaurlaritzaren Basque Country Estrategiaren baitan kokatzen den ekimen bat dela eta, izen-formatu honekin 1996tik hona antolatzen ari dela munduko euskal etxeetako gazteei zuzendua, Euskal Herrian hamabost eguneko egonaldia egin eta edizio bakoitzean euskal kulturarekin zerikusia daukan gai bat landuz euren ezagutza eta trebeziak landu ditzaten, ondoren norberaren euskal etxean irakatsi eta hedatu ahal izateko.

Hona bideoa atzoko bisitaz Ajuria Eneara, bigarren partean Lehendakariak gaztemundukideei zuzendu zizkien hitzak daudela:

Lehendakariarekin izan zuten ekitaldian, agurtu eta elkarrekin solasteaz gain, munduko euskal etxeetako gazteek aukera izan zuten euren musika trebezien erakustaldi bat egiteko eta jo zituzten, bai euskal doinu eta aireak txistuz, trikitixez, panderoz eta albokaz eta dantzatu zuten baita ere Argentinako 'chacarera' bat, Euskal Herriko eta Diasporako ezaugarrien uztarketa gisa, euren euskal etxeetan eta munduko euskal komunitateetan ematen den gehitze eta emendatze fenomeno aberasgarriaren erakusle.

Gaztemunduk datorren asteko larunbatera arte segituko du, oinarria Gasteizen duela baina irteera eta txangoak Euskal Herriko hainbat puntutara eginez, izan ere egun hauetako helburuetako bat euskal eskarmentu aukera honi txispak ateratzea baita, tokian tokiko ohiturak eta ahal diren kultur adierazpideak in situ bere testuinguruan ikusi eta dastatzea baita. 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia