Vitoria-Gasteiz. Iñigo Urkullu lehendakariak datorren abendurako iragarri du Euskal Gizataldeen VIII. Mundu Batzarra, 'Eraldaroa' lelopean eta Gipuzkoako herri batean eginik. "'Eraldaroa', datozen eraldaketen eta bizitzea egokitzen ari zaigun denboraren sinbiosia uztartzen duen hitz-jokoa" delako, esan du gaur goizean Gasteizko Lehendakaritzan legealdi honetan hirugarrenez bildu den Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Aholku Batzordearen elkarretaratzean egin dituen hitzetan.
Lehendakariak ongi etorria eman die Batzordearen bilerara gehienbat presentzialki, baina baita kasuren batean online ere bertaratu diren batzordekideei, eta euren izenez aipatu ditu Kanpoan bizi diren Euskal Gizataldeen Mundu Batzarrak hala izendatuta aurrez aurre parte hartu duten munduko euskaldunen hiru ordezkariei: Argentinako Arantxa Anitua, Alemaniako Unai Lauzirika eta Estatu Batuetako Jean Flesher-i.
Lehendakariaren hitzak gaur goizean Aholku Batzordearen bileran (bideoa Irekia)
Urkulluk adierazi du baita ere pandemiak, oraindik amaitu ez denak, eta Errusiak Ukrainan izandako aldebakarreko inbasioak baldintzatutako legegintzaldia ari garela bizitzen. Eta hori dela eta, euskal gizataldea zoriondu egin du azken urte zailotan egin duen ahaleginagatik eta borondatezko lan eskuzabalagatik. Gertaera global horiek planeta osoko agendak markatzen ari dira eta nahasi egin dituzte, eta kanpoko euskal komunitatea ere ez dago errealitate horretatik kanpo, baietsi du.
Lehendakariak ziurtatu du Eusko Jaurlaritza ilusio handiz ari dela prestatzen hurrengo Mundu Batzarra, eta inplikatutako pertsona eta erakunde guztiak animatu ditu ekarpenak egitera, aurrera egin ahal izateko eta kanpoan bizi diren euskal gizataldeei arreta emateko politika berriak edo desberdinak eskaini ahal izateko.