euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Urkullu lehendakariak Boiseko Oinkari dantza taldeko kideak errezibitu zituen atzo Gasteizen Lehendakaritzan

2023/06/28

Urkullu lehendakaria Boiseko Oinkari Dantza Taldeko kideekin Lehendakaritzan, 2023ko ekainaren 27an (argazkia Irekia)
Urkullu lehendakaria Boiseko Oinkari Dantza Taldeko kideekin Lehendakaritzan, 2023ko ekainaren 27an (argazkia Irekia)

PUBLIZITATEA

Vitoria-Gasteiz. Joan den asteko artikuluan iragarritako egitarauari jarraitzen diote egunotan eta datorren ostiralera arte Euskal Herria bisitatzen ari diren Boiseko Oinkari euskal dantza taldeko kideek. Atzo Gasteizeraino heldu eta bertako erakundeak bisitatu zituzten, Urkullu lehendakariak errezibitu zituelarik Lehendakaritzara egin zuten bisitan, Marian Elorza Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia eta Gorka Alvarez Aranburu Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaria ere lagun.

Gasteizera egindako bisitan, Oinkariko Dantza Taldeko kideek alderdi instituzional bat izan zuten, euskal erakundeak ezagutu eta arduradun publikoak agurtzearren, baina emanaldi bat ere eskaini zuten arratsaldez hiriko Plaza Barrian. 1960an Idahoko hiriburuan sortutako Oinkari taldea oso kide garrantzitsua da Gernikarekin ahaidetuta dagoen Boise hiriko, Idahoko eta AEBko euskal panoraman, eta 14 urtetik gorako dantzariak biltzen ditu, bidaia honetara bere kideetako 35 etorri badira ere, 17tik 35 urte artekoak, taldeko presidente Alex (Hormaechea) Wray buru.


Oinkarikoen bisita Lehendakaritzara eta Urkullu lehendakariaren harrera-ekitaldia (bideoa Irekia)

Urkulluren bilera Oinkariko kideekin, Marian Elorza eta Gorka Alvarez lagun (arg Irekia)

Boiseko Basque Block-eko Euskal Muralaren erreprodukzio bat opari eman zioten Oinkarikoek Beatriz Artolazabal lehenengo alkateordeari atzo Gasteizko Udaletxera egin zuten bisitan. Argazkian, Oinkariko presidente Alex Wray eta Beatriz Artolazabal oparia erakusten (arg Gasteizko Udala)

Oinkariko kideak joan den larunbatean Tolosan San Juanetan, Bordon-Dantza dantzatzen (arg Oinkari)

Gogora dezagun Oinkarik joan den ostiralean Donostian, Konstituzio Plazan egindako San Juan bezperako dantzarekin hasi zuela 2023ko bere bidaia hau Euskal Herrira. Larunbatean Tolosako Bordon-Dantzan partaide izan ziren bertako Udaberri taldekoak anfitrioi eta igandean Iruñea bisitatu zuten bertako Ortzadar taldearen eskutik, ikastaro bat ere tarteko. Astelehenean Donibane Lohizune eta asteartean Gasteiz, asteazkenean Bizkaian barrena ibiliko dira, ostegunean Lekeitio San Pedro jaiak eta Katxarranka, eta ostirala izango dute azken eguna, Santiago Brouard Plazan 20:00etan bertako Andra Mariko dantzariekin dantzatuko dutela.

Aupa Oinkari!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia