Donostia-San Sebastián. Iñigo Urkullu lehendakariak bere ohiko Eguberri mezua zuzendu die munduko euskal etxe eta komunitateetako euskaldunei, eta oro har Euskal Herritik kanpo bizi diren euskal herritarrei oro. Jakina denez, hau izango da bere postu horretatik urteroko mezu honetan Urkullu Diasporari zuzenduko zaion azken aldia, hastear den urte honetan hauteskundeak izango baitira, eta dagoeneko plazaratu da Urkullu ez dela berriz aurkeztuko eta, beraz, datorren urtean lehendakaria beste bat izango da.
Bukatu berriak joan den ostegunean Kanpoan diren Euskal Gizataldeen 8. Mundu Batzarreko saioak, Urkullu izan zela inaugurazioko buru, lehendakariak errepasoa egiten dio bere mezuan amaitzear dagoen urteak eman duenari, aipatuz besteak beste Mundu Batzarra bera, Gaztemundu programa, Euskal Diasporaren Eguna —aurten Australiar euskaldunak protagonista izan dituena, ekitaldi instituzionala Gernikan— eta munduan barrena euskaldunek eginiko beste hainbat saio, hala nola Argentinako Euskal Aste Nazionala, jaialdiak AEBn eta Frantzian, eta baita ekitaldi gehiago ere, Europa, Ozeania eta Asiako herrialdeetan, azken kontinente honetan, esaterako, Euskadi-Japonia programa tarteko egindako ahalegina, eta baita beste batzuk ere, adibidez kirol arloan, Frantziako Tourra 2023 Euskaditik ateratzea.
Lehendakariak Eguberriak ematen dion aukera baliatzen du agur beroa eta agiantza onenak bidaltzeko munduko euskaldun guztiei, "gure herrirako, Euskadirako, balioa sortzen jarraituko dugulakoan"
Hona Urkulluren Eguberri mezu osoa bere lau bertsioetan:
- euskaraz
- gaztelaniaz
- frantsesez
- ingelesez