Paris, Frantzia. Urkullu lehendakariak bidaia ofiziala egingo du asteazken eta ostegun honetan Parisera, Bilbon irteera izango duen eta lehenengo etapetan Euskal Herria zeharkatuko duen 2023ko Frantziako Tourraren aurkezpenean parte hartzeko. Bertaratuko den euskal erakundeen ordezkaritzako parte izango dira baita ere Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ahaldun nagusiak, Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Zornotzako alkateak eta Jaurlaritza beretik Kultura eta Turismo eta Merkataritza sailburuak, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia eta Europako Gaietarako zuzendaria.
Eusko Jaurlaritzaburuak hainbat kontaktu instituzional lantzeko baliatuko du egonaldia, Arku Atlantikoaren, Pirinioetako Lan Elkartearen eta Makroeskualdearen Proiektuaren esparruan; 26an bertan, Jacques Délors - Notre Europe institutuak antolatutako mahai-inguru bateko partaide izango da, eta Euskadi dokumentuaren lerro nagusiak partekatuko ditu Europaren Etorkizunari buruzko Batzarraren aurrean.
'Grand Départ Pays Basque' eta Euskadiren Frantziako Ordezkaritza
Ostegunean, berak eta euskal erakundeetako gainerako arduradunak 2023ko Tourra eta 'Gran Départ Pays Basque' ekitaldi ofizialean bilduko dira, eta lehendakariak hitz batzuk esango ditu Tour-eko zuzendari Christian Prudhomme eta presidente Jean Etienne Amaury-rekin batera. Gogora dezagun Frantziako Tourraren 2023ko edizioa Bilbotik abiatuko dela uztailaren 1ean eta bere lehenengo hiru etapetan 500 kilometrotik gora egingo dituela Euskadin barrena, kirol ikuskizun segituenetakoa den horretan, mundu osoan 190 herrialdetan ikusia.
Ikusentzuteko berezi bat prestatu du horretarako Eusko Jaurlaritzak. Urkulluren esanetan Tourra Bilbotik abiatzeak eta lehenengo etapak Bilbo, Gernika, Gasteiz, Donostia eta beste hainbat euskal herri eta hirietatik pasatzeak Euskadiren berri mundu mailan emateko balio izango du, bere historia, kultura, identitate eta antolatzeko gaitasuna duen herri bat jendaurretuz, ziklismoa sakon maite eta segitzen duena eta geroari eusteko ahala eta indarra duena, ongizate eta ekimen maila altuarekin.
Bidaiaren azken txanpan, Euskadiren Frantziako Ordezkaritza berria aurkezteko ekitaldiko burua izango da Urkullu, Euskaditik bertaratutako erakundeen ordezkarien aurrean, Arantza López de Munain Euskadiren Frantziako ordezkaria ere anfitrioi. Ordezkaritzaren irekiera urtarrilerako dago aurreikusita.