euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Urkullu lehendakaria Bruselako euskal komunitatearekin bildu zen europar hiriburura egindako bidaian

2017/05/11

Urkullu atzo Bruselako euskal komunitateari eskainitako harrera-ekitaldian, Josu Juaristi eta Ramon Jauregi eurodiputatuekin hizketan (irudia Irekia)
Urkullu atzo Bruselako euskal komunitateari eskainitako harrera-ekitaldian, Josu Juaristi eta Ramon Jauregi eurodiputatuekin hizketan (irudia Irekia)

PUBLIZITATEA

Bidaia egin zuen atzo Urkullu lehendakariak Bruselara, europar hiriburuan zenbait instituzioetako ordezkariekin bildu eta, besteak beste, Europar Batzordeko presidente Jean-Claude Juncker, Gai Ekonomiko eta Finantziero, Fiskalitate eta Aduana komisario Pierre Moscovici eta Europar Parlamentuko Brexit negoziazioen koordinatzaile Guy Verhofstadt-ekin solasteko. Hitzordu horien aurretik, eguerdi aldean, harrera-ekitaldi bat eskaini zion Bruselan bizi den euskal komunitateari.

Brusela, Belgika. Urkullu lehendakariak Belgikako euskal komunitateari harrera eginez hasi zuen atzo Bruselara egindako bere bisitaldi ofiziala. Euskadik hiri horretan duen Ordezkaritzan bildutako ehun bat pertsonaren aurrean, Lehendakariak Europarekin hartutako konpromisoa azpimarratu zuen, herrialdearen etorkizuneko "giltzarria" dela ziurtatuz. “Herrialde gisa haztea da gure nahia, enpleguaren, kulturaren eta solidaritatearen Europa berrian" adierazi zuen. Honekin batera, "Euskadiren Europako agendaren” hainbat alderdi aipatuz.

Bruselara egindako laugarren bidaia du honakoa Urkullu Lehendakariak. Berarekin dira Kanpo Ekintzetarako idazkari nagusi Marian Elorza; Europako Gaietarako zuzendari Mikel Anton eta Eusko Jaurlaritzako ordezkari Bruselan Marta Marín.


Harrera-ekitaldia Bruselako Euskadiren Ordezkaritzan eta Lehendakariaren hitzaldi elebiduna (irudia Irekia)

Euskadiren Bruselako Ordezkaritzara joandakoen artean, europar hiriburuan lan egiten duten euskal herritar asko, instituzioen mundukoak, politikari eta funtzionariak, baita Bruselako Euskal Etxeko kideak ere. Bertara bildutako euskal komunitatearen aurrean egin zuen agerraldian, sortzaile/fundatzaileek (Schuman, De Gasperi, Adenauer, Agirre, Landaburu eta Irujo) imajinatu zuten Europaz aritu zen Lehendakaria, “bere dibertsitateak integratua eta osatzen duten herriei begirunea erakusten dien” Europa aipatuz. Balio horietan oinarrituta, Euskadiren “Europako agenda” zehaztu zuen, honako puntuak gogoratuz: politika ekonomiko suspergarriak babestea,eta gazteria lan-munduan integratzea; errefuxiatuen egoeraz kezkatzea; Europaren etorkizunari eta dagozkion gizarte-eskubideei buruzko Liburu Zurian Euskadik egindako ekarpena; nazioak integraziorako tresna izatea edo azaroan Göteborgen (Suedia) egingo den “Bidezko Enpleguetarako eta Hazkunderako Gizarte Gailurrean" Euskadik izango duen presentzia.

“Egunero ordezkatzen gaituzue”

Ehun bat pertsona hurbildu ziren Euskadiren Bruselako Ordezkaritzara. Eurei guztiei zuzendu zitzaien Lehendakaria "egunero ordezkatzen gaituzue" esanez. Europa “giltzarria” da Euskadirentzat azpimarratu zuen Urkulluk, Europan euskaldunen presentziak duen garrantzia azpimarraturik: “Europako euskal komunitatea osatzen duzue eta erreferentzia bat zarete gure Herrialderako", adierazi zuen.

Bruselara egindako aurreneko bisitalditik Euskadik bere egoera soziopolitikoan jazo duen aldaketa aztertu zuen Lehendakariak, eta "Euskadik enplegua sortzen du orain" baitetsi zuen. Duela lau urteko datuak konparatuz, esan zuen, orain 40.000 pertsona gehiago daude lanpostu batekin. Urkulluk defendatu zuenez hori da jarraitu beharreko bidea, eta langabezia-tasa %10aren azpitik egotea azpimarratu zuen erronka gisa.

ETAren armagabetzeari dagokionez, honek "terrorismo urteen ondoren bakearen agertokia sendotzea” berekin ekarri duela adierazi zuen. Lehendakariaren hitzetan “bizikidetza berri baten bidetik ari gara aurrera egiten”, giza eskubideen agenda berriari loturik: “errefuxiatuak berriro lekukotu eta kokatzearen helburuak beteko dituen Europaren alde egiten dugu apustu euskal instituzioek”. Zentzu horretan, Frantziako hauteskundeen emaitzak aipatu zituen, “Europaren integrazioari emandako bultzada”, delarik, Lehendakariaren hitzetan.

Kontzertu Ekonomikoaren inguruan lortutako akordioari buruz, Lehendakariak ziurtatu zuen, “elkarrizketa politiko eta instituzionaleko giroa bizi du(ela) Euskadik, baita egonkortasun-agertoki bat ere”. Akordio horrek “Kontzertu-sistema indartzen du, Euskadi/Estatua aldebiko harremana sendotzen du, baita euskal Autogobernuaren berezitasuna ere", nabarmendu zuen.

Elkarraldia Juncker Lehendakariarekin

Belgikako euskal komunitateari harrera egin ondoren, zenbait elkarraldi ofizial izan zituen arratsalde partez Lehendakariak Europako instituzioetako ordezkari gorenekin, tartean Europako Batzordeko Lehendakari Jean-Claude Juncker-ekin; Gai Ekonomiko eta Finantzario, Fiskalitate eta Aduanetarako Komisario Pierre Moscovici-rekin; eta “Brexit” negoziazioetarako Europako Parlamentuko koordinatzaile Guy Verhofstadt-ekin.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia