euskal diaspora eta kultura
2013/07/29
PUBLIZITATEA
Vitoria-Gasteiz/New York. Azken hilabeteotan Estatu Batuetan ofizialtsua zena ofizialki baitetsi du Eusko Jaurlaritzak eta ohar batean adierazi du Iñigo Urkullu lehendakaria Estatu Batuetara bidaiatuko dela datorren urrian, besteak beste New Yorkeko Eusko Etxearen mendeurreneko ekitaldietan parte hartzera, orohar helburu politiko, ekonomiko eta kulturalak dituen astebete eskaseko joan-etorrian.
Lehendakariak New York, Washington hiriburua eta Milwaukee hiria, Wisconsin estatuan, bisitatuko ditu, Kanpo Harremanetarako idazkaritza nagusiko arduradunez gain Arantza Tapia Ekonomia Garapen eta Lehiakortasun sailburua ere --bere arloko ordezkaritza zabalago baten buru-- bilduko duen bidaian.
NABO eta Estatu Batuetako euskal etxeetako ordezkariekin ezezik, Urkullu hainbat agintari politikorekin bilduko da: kongresistekin, senatariekin, alkate eta gobernadoreekin, eragile ekonomikoekin, Estatu Batuetan ezarritako euskal enpresen ordezkariekin; Nazio Batuen Erakundearen nazioarteko eragile eta kideekin; eta Columbiako Unibertsitateko kideekin, Jaurlaritzaren oharrak zabaldu duenez.
Euskal diasporaren alorrean, New Yorkeko Eusko Etxea-ko mendeurreneko ekitaldietan hartuko du parte Manhattan eta Brooklyn-en, eta Washington hirian ere bertako euskal etxeko kideak agurtuko ditu. Ofizialki 1913ko urriaren 12an sortua, ofizialki "Eusko Etxea of New York" izena duen erakundea Estatu Batuetako euskal etxe zaharrena da, XIX. mende erdialdetik hona bestelako euskal instituzioak egon izan badira ere Estatu Batuetan euskaldunek euskaldunentzat sortuak.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus