Donostia-San Sebastian. Gipuzkoako Foru Aldundiak, Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuaren bitartez, Gabriel Celaya Nazioarteko VI Poesia Saria 2023 antolatu du gaztelaniaz idatzitako eta gutxienez bostehun (500) lerro dauzkaten gai, errima eta neurri libreko lanentzat. Nahi duten idazle guztiek parte har dezakete, edozein toki eta nazionalitatetakoek, lan bakarrarekin. Saria 12 mila eurokoa da eta lanak aurkezteko azkeneko epea urriaren 16a izango da honako ezaugarri eta jarraipideei jarraiki.
Saria norgehiagoka bidez emango da. Horretarako, aurkeztutako lanek aldez aurreko hautaketa prozesu bat izango dute. Prozesu horretan, Gipuzkoako Foru Aldundiak izendatutako irakurketako aditu batzorde batek lanak ebaluatuko ditu eta balio handienekotzat jotzen direnak hautatuko. Lan horiek Kultura Departamentuak izendatutako epaimahai batek baloratuko ditu. Saria ezin izango da esleitu gabe utzi.
Saria emateko ebazpena balorazio prozesua amaitu ondoren argitaratuko da, eta ezin izango da sei hilabete baino gehiago luzatu lehiaketaren deialdia Gipuzkoa ko Aldikari Ofizialean argitaratzen denetik. Gipuzkoako Foru Aldundia arduratuko da saritutako lana poesia lanen argitalpenean entzutetsua den argitaletxe batek argitara dezan edizio zaindu batean. Aurreko urteetako saridunak izan dira; lehen edizioan, Miguel Sánchez Robles eta "Treinta maneras de mirar la lluvia", bigarrenean, Jose Manuel Martín Portales eta "Patio interior", hirugarrenean Sergio García Zamora eta "Diario del buen recluso", laugarrenean, Jose Maria Zonta eta "Al este de la mariposa. Antología de poesía rumana" eta bosgarrenean Angélica Morales eta "Mi padre cuenta monedas".