euskal diaspora eta kultura
2010/02/25
PUBLIZITATEA
Donostia-San Sebastian. Erakusketa honek Ozeano Barean izandako euskal presentziaren historiaren ikuspegi panoramikoa ematen du, besteak beste, Filipinar uharteetan, Japonian, Amerikako kontinenteko mendebaldeko kostalde inguruan eta Txina hegoaldeko kostaldeko lurretan gauzatu zena. Euskaldunek nabigazio eta merkataritzarako ibilbide berriak esploratzen eta deskubritzen betetako eginkizun garrantzitsua azaltzen du.
Era berean, ekonomian, zientzia eta kultur arloan, administrazioan eta erlijio kontuetan euskaldunek izan zuten jarduera bizia azaltzen du. Garapen kronologikoak XVI. mendetik, esan nahi baita deskubrimenduen garaitik --atal batzuk Juan Sebastian Elkano, Andres Urdaneta eta Migel Lopez de Legazpiri daude eskainita-- gaur egun arte hartzen du, eta Asiarekiko merkataritzako trukeak eta jatorri horretako etorkinak Euskal Herrira iristea aipatzen ditu.
Museoko funtsez gain, beste museo, zentro eta jabe pribatuen piezak bildu ditu erakusgai; pieza eta materialetako batzuk, esaterako, Valladolideko Museo Orientaletik ekarri dira, San Telmo Museotik, Ibero-Oriental Frantziskotarren Artxibategitik, Gipuzkoako Agiritegi Orokorretik, Kutxa Fundaziotik, Usurbilgo parrokiatik edota Zumarragako, Ordiziako eta Getariako Udaletxeetatik. Nahi duenak bisitaldia audiogiden bitartez ere egin dezake.
Orain arte egin ez duenak, aukera ona dauka datozen hilabeetan Donostiako Untzi Museora bertaratu eta euskal historiaren zati garrantzitsua den itsasoko historia, eta euskaldunak zer egin garrantzitsurik eta zer esanik izan dugun denbora eta garai bateko jakingarriak ongi bilduta eta azalduta dauzkan erakusketa honetara bisitari etortzeko.
Esan, azkenik, datorren astean, martxoaren 3an, orain arte erakusketako parte izan den “Simon Anda arabarra Filipinar uharteen defentsan” koadroa, XVIII. mendeko olio-pintura anonimoa, Arabako Arte Ederren Museoari bueltatuko zaiola. Mihiseak britainarren erasoaren aurrean Simon Anda arabatarrak antolatu zuen filipinar uhartediaren defentsaren hainbat eszena erakusten dizkigu. Nahi duenak egun batzuk dauzka oraindik obra hau bertan ikusteko. Behin Gasteizera itzulita, orainarte ikusgai egon ez diren beste pieza batzuk jarriko dira ordez.
-Donostiako Untzi Museoaren webgunea
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus