euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Urdaneta-ri buruzko Nazioarteko Kongresua egingo dute Ordizian itsasgizonaren jaiotzaren 5. mendeurrenean

2007/04/02

Mexiko bezalako tokietan pertsonaia handia da Andres Urdaneta deskubrimendu handia izan zen 'Itzulbidaia'-ri esker, Filipinak & Amerika artean
Mexiko bezalako tokietan pertsonaia handia da Andres Urdaneta deskubrimendu handia izan zen 'Itzulbidaia'-ri esker, Filipinak & Amerika artean

PUBLIZITATEA

Andres Urdaneta apaiz, itsasgizon eta esploratzailea jaio zeneko 500. urteurrenaren ekitaldien prestaketak aurrera darrai bere jaioterrian, Gipuzkoako Ordizian. Herriko Udalak hainbat ekitaldi prestatu ditu eta horien artean garrantzi berezikoa da datorren urtean burutuko den nabigatzailearen inguruko Nazioarteko Kongresua. Ordiziako kultur arduradunek ahaztu samarra dagoen pertsonaiaren irudia berreskuratu eta gaurkotu nahiko lukete.
Urdaneta 500 izenpean bildu da Andres de Urdanetaren omenez antolatu diren ekitaldi guztien multzoa, XVI. mendeko nabigatzailea 1508an jaio zela uste baita. Horren guztiaren inguruan ekitaldi ugari eta era askotarikoak antolatu ditu Ordiziako Udalak. Horietan nagusiena, 2008ko azaroan burutuko den Nazioarteko Kongresua. Nahiz eta batzarrerako gai eta hizlari nagusiak ezarriak dauden, oraindik ere bertan parte hartu nahi duten ikertzaileak gaiak proposatzeko garaian daude, horretarako epea urtearekin batera amaituko baita. Antolatzaileek BasqueHeritage.com-i azaldu diotenez, 'ikaragarria da Kongresuak gure mugetatik kanpo eragin duen interesa'. Urdaneta pertsonaia ezagunagoa da Filipinetan, Mexikon edota Portugalen Euskal Herrian baino; eta hori azalean utzi du batzarrak herri horietan sortu duen jakinmina ikusteak, adierazi dute Ordiziatik..

Kongresuak helburu argiak izango ditu. Horien artean lehena da figura honi buruz ezagunak diren datu guztiak mahaigaineratu eta egiaztatzea. Antolatzaileek honela erraztu nahi dute etorkizuneko ikertzaileek nabigatzailearen figuran sakondu ahal izatea. Esploratzaile, itsasgizon edota diplomatiko gisa jardun zuen ordiziarrak bere bizitzaren luzean. Aspektu horien inguru hitz egiteko asmoz Ordiziara gerturatuko direnen artean daude Madrilgo Universidad Complutense-ko Leoncio Cabrero espainiarra, Thomas Hillerkuss irakasle alemana edota Filipinetako Ambeth Ocampo ikertzailea, nabarmenak beraz, itsas gizon honen nazioarteko proiekzioa eta garrantzia.

'Tornaviaje' bidea

Urdanetaren irudia, baina, erlijioari, lau hilabetez soilik bete zuen misiolari eginkizunari lotua ikusten da Euskal Herrian; nahiz eta bere benetako pisua itsaso bidaiei lotu beharra dagoen. Gipuzkoarra itsasgizon, astronomo eta humanista izateaz gain, izaera zientifiko-teknikoko aurkikuntza handi baten egile izan zen, 'Tornaviaje' edo 'Itzulerako bidea' izenez ezagutzen den itsas-bidea, hau da, Filipinetatik Ameriketara Ozeano Barea zeharkatuz itzultzeko ibilbidea. Merkataritza eta nabigazioari egindako ekarpena parekagarria da askoren ustez alor horretan Marco Polok edo Colon-ek egindakoekin. [Ezkerrekoa bezalako irudiek desitxuratu egin dute hein handi batean Urdanetaren figura, bere misiolari lana bakarrik zabaldu baitute]

Kongresuarekin batera, Ordiziako Udalak dibulgazio nahiari jarraiki webgune bat jarri du abian mendeurrenaren ospakizunen eta itsasgizonaren inguruko informazioa hedatzeko asmoz. Urdaneta ezagutzen hasteko toki egokia izan daiteke interneten udal arduradunek ireki dutena, eta sitea oraindik frogetan bada ere, Urdaneta eta urteurrenari buruzko jakingarri ugari eskaintzen ditu jada. Beste batzuen artean, aurtengo otsailean hasi eta 2008ko maiatza arte hilero egingo diren hitzaldiak bertan aurki daitezke. Orain arteko mintzaldiak testu formatuan daude, baina herri goierritarreko kultur arduradunek aurreratu dutenez, hemendik aurrerakoak audio formatuan ere eskuragarri jarriko dituzte.


Lotura interesgarriak

Andres Urdaneta eta 500. urteurrenaren gunea
www.andresurdaneta.org

Ordiziako Udala
www.ordizia.org

Donostiako Untzi Museoa
www.gipuzkoakultura.net

Euskaldunak Filipinetan
EuskalKultura.com-en argitaratua 2005ko ekainaren 23an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia