euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Urdaneta eta bere garaia' liburuak Filipinetan heroi nazionala den itsasgizon ordiziarraren bizitza jasotzen du

2008/04/11

Urdanetari buruzko liburuaren azala
Urdanetari buruzko liburuaren azala

PUBLIZITATEA

Andres Urdanetaren jaiotzaren 500. urteurreneko ekitaldien barruan, Jose Ramon de Miguel idazleak 'Urdaneta eta bere garaia' liburua aurkeztu zuen atzo Ordizian. 'Urdaneta albo batera utzi zuten historialariek, konkistadore tipiko bat ez izateagatik, Ameriketako herrietan su eta garretan sartu ez zelako', azaltzen du egileak. Adierazgarria da ordea, euskalduna Filipina eta Acapulcoko historian heroia izatea herrialde horiek mapan jarri baitzituen XVI. mendean, Filipinak eta Amerika artean Tornaviaje itsasbidea aurkitu zuenean.
Jose Ramon de Miguel idazleak Ordiziako Kultur Etxean aurkeztu zuen atzo 'Urdaneta eta bere garaia' liburua, Ordiziako alkatea, Jose Miguel Santamaria, eta liburuaren euskaratu duen Mikel Aramendi alboan zituela. Liburuan euskal itsasgizon eta kosmografoaren bizitzaren pasarteak jasotzen dira, XVI. mendeko itsasgizon garrantzitsuenetakoa izan zenaren istoria berreskuratuz. Urdanetak Filipinar irletatik Ameriketara bueltatzeko itsasbidea aurkitu zuen, 'Tornaviaje' izenez ezaguna dena, eta horrek garaiko merkataritzan berebiziko eragina izan zuen.

'Hasieran nire asmoa Urdanetak bide hau aurkitu zuen espedizioaren ikerketa teknikoa egitea baino ez zen, baina gutxinaka gutxinaka pertsonaiak liluratu egin ninduen', azaldu dio EuskalKultura.com-i egileak. De Miguelek dioenez, Urdaneta ez zen izan 'konkistadore tipikoa' eta elebiduna izanik --euskaraz eta gazteleraz egiten zuen-- ezagutzen zituen herrialdeetako hizkuntzak ikasi eta bertakoekin erlazio baketsuak mantentzen saiatu zen. 'Lehendabiziko espediziotik, bera izaten zen beti itsasontzitik jaitsi eta bertakoekin hitz egiten hasten zen lehenetakoa', azaltzen du de Miguelek.

'Fiipinetan heroi nazionala'

Urdanetaren jaiotzaren 500. urteurreneko ekitaldiak bere bizitza eta garrantzia argitara ekartzen lagundu badute ere, deigarri da Euskal Herrian oraintsu arte interes handirik piztu ez duen itsasgizona 'heroi nazionaltzat' hartzea Filipinetan. 'Bera izan zen Filipinar irlei garai haietan protagonismoa eman ziena eta bera izan zen ere Mexikoko Acapulco Tornaviajeko bidaia egiten zuen Manila Galeoiaren merkatal ontziaren portu base gisa deskubritu zuena'.

Izan ere Urdanetak aurkitu zuen Itzulerako Bideak edo Tornaviajeak berebiziko garrantzia izan zuen garaiko ekonomia eta merkataritzan. Berak 'jarri zituen mapan' Manila, Acapulco edo Peruko El Callao bezalako portuak. Gaztela eta Portugalgo erreinuak munduko itsasmerkataritzaren nagusigoa jokoan zuten eta Urdanetak garaipen itzela eskuratu zuen itsasbidea deskubritzean. Aurretik lau espediziok porrot egin zuten euskaldunak asmatu zuen lanean, de Miguelek azaltzen duenez, eta egun historikoki Urdanetarekin erlazioa izan duten lau hiri hauek --Ordizia, Manila, Acapulco eta El Callao-- senidetzeko asmotan dabiltza, euskal itsasgizonaren ondarea gorde eta zabaltzeko.


Lotura interesgarriak

Andres Urdaneta 500. Urteurrena
www.andresurdaneta.org

Andres Urdanetari buruzko nazioarteko mintegia
EuskalKultura.com-en argitaratua 2008ko otsailaren 21ean

Filipinetako presidentea Ordizianm Urdanetaren 500. urteurrenean
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko azaroaren 27an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia