Jose C. Paz, Argentina. ‘Cartografías en movimiento: memorias, violencias y resistencia' (Kartografia higikorra: memoria, indarkeria eta erresistentzia) lelopean antolatu ditu aurten Jose C. Pazeko Unibertsitate Nazionalak Migrazioei buruzko Jardunaldiak. Programa honen barruan, euskal gizataldeari buruzko mahai bat osatu zuen Unibertsitateak, kolektibitateko zenbait erreferente gonbidatuta, tartean Sara Pagola Euskadiren ordezkaria; Jose C. Pazeko Toki Eder Euskal Etxeko Maria Angeles Oñederra, Pilar Uribeondo, Dario Rodríguez eta Martin Colombet; eta EuskalKultura.com buletineko Sabrina Otegi.
Euskal diaspora argentinarra aurkezteko zenbait gai jorratu zituzten hizlariek: ‘Euskal immigrazioa eta Eusko Jaurlaritza’ hautatu zuen Pagolak, ‘Euskararen egoera eta euskara Argentinan’, Colombetek eta Rodriguezek, ‘Toki Ederren historia’, Oñederrak eta Uribeondok, eta Euskalkultura.com-en kazetaritza lana Otegik. Publikoari dagokionez, euskal etxe anfitrioiko eta unibertsitateko ordezkariak ez ezik, Gral. Rodriguezko Euskal Etxeko lagunak ere bertaratu ziren..
Mintegiaren ostean Unibertsitateko agintariekin bildu ziren Euskadiren Ordezkaritzako Sara Pagola eta Mariana Satostegui eta Euskal Etxeko kideak. Bileran, interes berezia erakutsi zuen UNPaz-ek Euskadiren gaurko egoeraz eta galdera ugari egin zizkioten ordezkariari. Bide batez, Toki Eder-ek garatzen dituen ekintzen berri eman zieten bertako euskal gizataldeko lagunek Unibertsitateko ordezkariei, bi elkarteen arteko loturak estutzeko asmoz.