euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Union Vasca-ko 60tik gora dantzarik taularatuko dute bihar ‘Gu, nosotros’ ikuskizuna Bahia Blancako Udal Antzokian

2015/11/17

‘Gu, nosotros’ ikuskizuna azaroaren 18an estreinatuko da, Union Vasca euskal etxeko dantzari guztiak partaide
‘Gu, nosotros’ ikuskizuna azaroaren 18an estreinatuko da, Union Vasca euskal etxeko dantzari guztiak partaide

PUBLIZITATEA

Benetako istorio batean oinarrituta, Josunerena, ‘Gu, nosotros’ ikuskizunak Euskal Herritik Argentinara iritsi ziren hainbat etorkinen historia irudikatzen du. Emankizunean zehar, Josune neskatoaren bizitza antzeztuko dute Union Vasca euskal etxeko adin guztietako dantzariek, euskal eta argentinar folklorea bilduz. Emanaldia bihar da, iluntzeko 8:30etan, Bahia Blancako Udal Antzokian.

Bahia Blanca, Argentina. Iaz bezala, aurten ere prestatu dute Union Vasca-ko dantzariek urte amaierako ikuskizun berezia. Dantzaldiak euskal etxeko talde guztietako kideak batuko ditu –guztira 60 bat– eta urtean zehar ikasitakoa erakustea du helburu, dantzak, Euskal Herriaren historia eta euskal immigrazioaren prozesua osagai eta hizpide dituen proposamena eginez.

Gu, nosotros ikuskizunak Nuria Villaltaren dokumentalean eta Josune izeneko emakume baten bizitzan dago oinarrituta”, azaldu dio EuskalKultura.com -i euskal etxeko dantza irakasle den Romina Larrañagak. “Antzerkirako egokitutako bertsioa izango litzateke. Nik neuk egin dut moldaketa eta Eugenio Aldacour, Tomas Arrillaga eta hirurok ari gara zuzendari lanean, euskal etxeko talde guztietako zuzendariak lagun”.

Josune neskatoaren bizitza kontatzen du Gu, nosotros ikuskizunak. Txirotasuna, gerra eta erregimen diktatorialak, baina baita beren kultura, ohiturak eta bizimodua ere atzean utzita Argentinara etorriko dira Josune eta bere neba txikia, bizileku berri baten bila. “Kontaketa osoa bost eszenatan dago banatuta”, argitzen du Larrañagak, hala nola “Euskal Herria gerra lehertu aurretik; gerraren momentua; immigrazioa; Argentinara heltzea; eta azkena, Argentinan daukaten bizitza, euskal etxe bateko kide izanik”.

Ikuskizuna osatzeko eta Larrañagaren hitzetan “gure baitan elkarrekin bizikide ditugun bi kulturak adierazteko”, folklore argentinarra ere entzun –eta dantzatuko– da emanaldian. Musika eta bertsoak Folklore Vivo izeneko taldea lankide egingo dira.

Union Vasca-ko dantzariek bihar asteazkena aurkeztuko dute Gu, nosotros Bahia Blancako Udal Antzokian, Alsina kaleko 425. zenbakian. Hitzordua 20:30etan da, eta sarrerak antzokian bertan lor daitezke, 50 pesotan.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia