euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Union Vasca euskal etxeko pilotalekua Bahia Blancako Kolektibitateen XIII. Jaiaren egoitza izan da

2013/09/13

Deialdiari erantzunez, jende igari bildu zen irailaren 7an Union Vasca-ko pilotalekuan gizataldeen jaia ospatzeko (argazkiaEE)
Deialdiari erantzunez, jende igari bildu zen irailaren 7an Union Vasca-ko pilotalekuan gizataldeen jaia ospatzeko (argazkiaEE)

PUBLIZITATEA

2012ko etena gainditu ondoren, aurten bai burutu da Bahia Blanca hiri argentinarreko eta inguruko herrietako kolektibitateak biltzen dituen jaia. Ekitaldia bertako Union Vasca-ren baitan burutu zen joan den asteburuan, euskal etxeko pilotalekuan, eta hor elkartu ziren hamaika gizatalde euren sukaldaritza eta kultur adierazpenak eskaintzeko. Honekin batera, esan dezagun Union Vasca euskal etxe barneko ‘Beti Aurrera’ dantza taldeak 65. urteurrena ospatu duela abuztuan, Tres Arroyos eta Coronel Pringleseko dantzariak ere ekitaldian partaide.

Bahia Blanca, Argentina. “Duela bi urte itxi zuten kolektibitateen feria eta hori dela eta iaz ez zen egin. Aurten, ordea, feria txikiago bat antolatzea bururatu zitzaien kolektibitateetako mahaikoei”, azaldu dio Union Vascako irakasle eta ekintzen bultzatzaile nagusietako bat den Rosana Entiznek EuskalKultura.com-i. Kari horretara, eta hiriko Kultur Institutuaren babesarekin, Bahia Blancako Kolektibitateen Jaiaren XIII. edizioa joan den larunbatean, irailaren 7an, burutu zen, euskal etxearen pilotalekuan.

Etorkinaren Eguneko ospakizuna, hala ere, irailaren 4an hasi zen Bahia Blancatik 10 kilometrora dagoen Ingeniero White herrian. Hor, eguerdi aldera eta Immigranteen omenezko Monumentuaren aurrean, gauzatu zen ekintza ofiziala. Irailaren 7ko festako protagonistak, berriz, eskualdeko kolektibitate antolatuak izan ziren, hala nola gizatalde siriar libanoarra, peruarra, galiziarra, katalana, kroaziarra, andaluziarra, txiletarra, italiarra, heleniarra, israeldarra, kubatarra, paraguaitarra, Volgako alemaniarra, kolonbiarra eta gizatalde euskalduna. Hauekin batera, Elkarte Bahiatarrak, Pastoral Migratoria delakoak eta Nazioko Migrazio Zuzendaritzak ere hartu zuten parte ekitaldian. Euskaldunarekin batera, ikuskizunen arloan, elkarte espainiarrak, boliviarrak, alemaniarrak eta kolonbiarrak ere aurkeztu zituzten euren dantza taldeak.

Bahia Blancako Kolektibitateen Jaia 2013 01

[Bahia Blancako Kolektibitateen Jaiko une batzuk, danborrada barne (argazkiakEE)]

“Festaren helburu nagusia Argentina eta zehatzago Bahia Blanca hiria eraiki zuten herrien berezitasunak eta ezaugarri adierazgarriak –musika, dantza eta sukaldaritza arloetakoak gehienbat– erakutsi eta zabaltzea da”, azpimarratu digute antolatzaileek. Xede hori ondo baino hobeto bete izan zen. Izan ere, jendez gainezka agertu zen pilotalekua jaiaren egunean.

Beti Aurrera-ren 65. urtemuga

Bestalde, eta abuztura atzera eginez, behar da esan emanaldi polita eskaini zuela Union Vasca euskal etxeak pasa den hilabetean bere dantza taldearen 65. urteurrena ospatzeko. Beti Aurrera-ko kide guztiak pasatu ziren tauletatik, esan nahi baita Txiki Txikiak, Txikiak, Ertainak eta Helduak. Ikuskizuna abuztuaren 17an gauzatu zen euskal etxearen egoitzan, Tres Arroyoseko Hiru Errekako eta Cnel Pringleseko Euskal Biltzar etxekoak lagun.

Bahia Blancako Kolektibitateen Jaia 2013 02

 [Bahia Blancako Beti Aurrera taldearen belaunaldi berria (argazkiakEE)]

Ikuskizunaren baitan omenaldia egin zion euskal etxeak hamar urtez taldearen zuzendaria izandako Josetxu Astolfiri. Ekitaldia ordu txikiak arte luzatu zen erromeria batekin.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia