euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Unidad Alavesa' talde ataundarrak omenaldia egiten dio herrialde hegoamerikarrari, ‘Morir en Argentina’ abestiarekin

2024/03/06

‘Motoki, zakurreki, egurreki…’ diskaren azala
‘Motoki, zakurreki, egurreki…’ diskaren azala

PUBLIZITATEA

Ataun, Gipuzkoa. Aita Barandiaranen jaioterritik bertatik dator Argentinari omenaldi polit eta hunkigarria egiten dion abesti hau. Unidad Alavesa-ren ‘Morir en Argentina’ (Argentinan hil) kanta ‘Motoki, zakurreki, egurreki…’ izeneko beren azken diskoan dator eta otsailaren lehenengo egunetan kaleratu zuten. Abestiak topiko ezagunenak gainditzen ditu; hau da, ez da tangoan edo futbolean geratzen –agertzen badira ere–; historia –Malvinas irlen aipamenean–, gatazka politikoak –Pedro Aramburu presidente ohia eta ERP-eko kide izan zen Santucho kontrastatzean– eta literatura –Esteban Echeverria eta Cortazar idazleekin– ere agertzen dira.

Unidad Alavesa 2016an sortu zen Ataunen eta euskaraz eta gaztelaniaz abesten dute, folk-rock estiloan. Haritz Artola da taldeko ahotsa eta abestien egilea. Berak idatzi zuen ‘Morir en Argentina’ eta bere hitzetan “Agian logika irrazional batek inspiratu nau. Beti izan dut Argentina oso mitifikatuta; oraindik gogoratzen dut txikitan entzuten nituela ‘Olarticoechea’ bezalako abizenak futbol selekzioan eta pentsatzen nuela ‘nola da posible abizen horrekin talde argentinarrean jokatzea?’; 'gero apur bat ikasi eta ulertu nuen arte”.


[Unidad Alavesa taldearen 'Morir en Argentina']

Esan dugu dagoeneko topikoetatik urruntzen saiatu dela Artola abesti honetan eta hori dela eta Argentinako historian garrantzia izan zuten beste pertsona batzuk ere aipatzen ditu kantan. “Aramburu eta Santucho elkarren muturretan daude eta nahita jarri ditut euren izenak; asmoa zen argi uztea Argentinako historian parte hartu izan duten euskal jatorrizko pertsonak oso ezberdinak izan zirela elkarrekiko”.

Haritzekin batera, Gurutz Bikuñak (gitarra); Iker Artzak (baxua); Eneko Dorronsorok (trikitixa eta banjoa); eta Unai Munduatek (bateria) ere osatzen dute taldea. Eta guztiak gustura daude oso kantak izandako harrerarekin. “Jendeari gustatzen zaio eta hori oso hunkigarria da; baino nik ez nuen egin feedback hori izateko asmoarekin, barruko zerbait adierazteko baizik”, aitortzen du.

Argentina bihotzean badarama ere, Haritz Artola ez da –orain arte– sekula Argentinan izan. Hala ere, gustura etorriko lirateke bera eta talde osoa aukera izanez gero. Izango al du Argentinako euskal gizaltaldeak berari eskainitako abestia zuzenean entzuteko aukera? Ea laster horren berri eman dezakegun.

Disko osoa, hemen.
Unidad Alavesa Instagram-en, hemen



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia