euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

UNED-eko euskal literatur klub birtualak mundu osoko irakurleei ateak ireki dizkie

2009/03/19

Iker Azkue, Brasileko bandera eskutan duela, Sao Pauloko euskara ikasleekin (argazkia I.Azkue)
Iker Azkue, Brasileko bandera eskutan duela, Sao Pauloko euskara ikasleekin (argazkia I.Azkue)

PUBLIZITATEA

Euskal literatura zaleek eta Diasporan euskara ikasten ari diren lagunek topagune berria dute UNED-eko euskal literatura klub birtualean. Bertan euskal idazleen lanak komentatu eta aztertzeko beta dute, doan eta era erraz batean. Iker Azkue, Brasilgo Euskal Etxeko euskara irakasle ohia eta egun UNED-eko euskara ikastaro birtualen koordinatzaile, da klubaren gidaria eta hilabetean behin elaberri bat proposatzen du irakurgai bezala. Orain Juan Kruz Igerabideren 'Hauts bihurtu zineten' lanarekin ari dira.

Donostia-San Sebastián. UNED-eko euskal literatur klub birtualak ateak parez pare ireki ditu azken hilabeteetan eta arduradunek euskal literaturan interesa duten Diasporako kideei bertan parte hartzeko gonbitea egiten diete. 'Kluba UNED-eko ikasleentzat soilik zen hasieran, baina azkenean gai honetan interesa duen edonorentzat irekitzea lortu dugu', azaldu dio EuskalKultura.com-i Iker Azkuek.

Klubaren funtzionamendua oso simplea da. Irakasleek liburua proposatu --hilabete honetan Juan Kruz Igerabideren 'Hauts bihurtu zineten'-- eta partehartzaileek euskaraz edo gaztelanierzko itzulpenean irakur dezakete. Egileari buruzko informazioa ere ematen da. Ondoren partehartzaileek euren eritziak, galderak eta zalantzak foroan azaltzen dituzte eta horrela abiatzen da eztabaida.

Foro honetan sartu ahal izateko UNED-eko ikastaroren bateko ikasle ez direnek e-maila eta pasahitz bat baino ez dute eman behar (izena eman, hemen). UNEDeko ikasleek CiberUNED kontuarekin parte har dezakete (hemen).

Brasiletik UNED-era

'Euskal literatura kluba UNED-eko euskara ikastaro birtualen esperientzia paralelo bat da', azaltzen du Azkuek. 'Patri Urkizu da ikastaro horietako titularra eta ni koordinatzaile birtuala. Guztira 78 ikasle ditugu, hiru mailatan banatuta'. Ikastaro hauetan erabiltzen den sistema BOGA online ikasketa metodoa da, HABEk garatua eta euskal etxe askotan erabiltzen dena. Izan ere, Azkuek Brasilgo Euskal Etxean ematen zituen ikastaroetan erabiltzen zuen BOGA.

'2000. urtean Londresen ezagutu nuen nire emaztea; brasildarra da bera eta Sao Paulora joatea erabaki genuen. Han euskal etxean euskara klaseak ematen hasi nintzen, Estebe Ormazabalekin batera eta egia esan erantzuna oso ona izan zen. Azkenean ikastaroak unibertsitatera ere zabaldu ziren eta hiru urtetan 120 ikasle izan genituen', gogoratzen du. Orain Azkuek euskara eta euskal kultura zabaltzeko lana UNED-eko webgunetik jarraitzen du, munduko euskal literatur zaleei egiten dien gonbidapen ireki honekin.

UNED-eko euskara ikastaroei buruzko informazio gehiago UNED-Bergara zentruko webgunean, hemen.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia