Posadas, Argentina. Komodatoa asteartean, martxoak 7, sinatu dute EBYko zuzendari Enrique Diaz Esmendik eta Euskal Jatorri Euskal Etxeko lehendakari Mariangeles Roscianik. Bilera EBYko instalazioetan egin zen, Euskal Etxeko diruzain Roberto Aramendi eta idazkari Maria Silvia Soloaga ere bertan zirela.
Soloagak EuskalKultura.com-i azaldu dionez, “poz-pozik" daude, "honakoa urrats handia delako guretzat". "Euskal Jatorri-k 17 urte dauzka baina ez du sekula egoitza propiorik izan, eta horrek mugatu egin gaitu hainbat zentzutan". "Orain, eta Enrique Diaz Esmendiri eta Roberto Aramendiri esker, gure egoitza soziala izateko bidean jarri gara", esan digu Euskal Jatorriko idazkariak.
“Argi daukagu, bestalde, honakoa hastapena eta oinarrizko urratsa baino ez dela. Une honetan ez daukagu baliabide handirik eraikuntza lanei ekiteko, baina hori ere erronka eta akuilu gisa hartuko dugu. Zorionez, EBYk laguntza eskaini digu baita ere diru-laguntzen eskaerak egiteko”, jakinarazi digu instituzioko oso kide aktiboa den Soloagak.
Lursaila Posadas hiriko ibaiertzeko etorbidean dago (Argentinan 'costanera' deitzen zaion horretan), Malvinas Uharteen Monumentuaren aurrean.
Tokia bereganatzen hasteko, ‘jabetza-hartze informala’ egingo dute Euskal Jatorriko kideek datorren asteartean, martxoaren 13an. “Aulkiak eramango ditugu eta Zuzendaritza Batzordearen bilera egingo dugu bertan, lekua ‘estreinatzeko’”.
2018ko plangintza
Berri on honekin batera, oso ona ez den beste bat ere badauka Misiones probintziako hiriburuko Euskal Etxeak. Arazo administratibo batzuk gainditu beharrean dago eta ondorioz murriztu behar izan du probintziaz kanpoko bere aurtengo partaidetza euskal-argentinar kolektibitateko ekitaldietan. Bertan behera utzi behar izan dituzte, besteak beste, euren partaidetza euskal etxeen Olavarriako topaketan, Cañuelaseko Aberri Egunekoan eta ‘Buenos Aires Celebra’n.
Baina beste zenbait proiektu baditu elkarteak eta gogoz eutsiko die. Nobedadeen artean San Juan Eguneko ospakizuna. Euskal Etxearen asmoa ekainean San Juan jai handia egitea da, besteak beste egoitza berriari begira, dirua biltzen hasteko.