Joseba Etxarri. Joan den ekainean Hizkuntz Moderno ikasketak bukatu Deustun eta berehala, abuztuan, abiatu zen Illinois-a, Illinois State University-an ikasle eta irakasle jarduteko, eta kontent da egoera horrekin, bertan egoteak ez baitio gisa honetan "patrikari zulo handiegirik eragiten", azaltzen digu. Tratu mesedegarri hau doktoradutza Estatu Batuetan egin zuen Deustuko irakasle batek emandako informazio eta aholkuei esker lortu ahal izan zuen, irakasle honek animatu baitzituen bera eta beste ikasle batzuk eskaerak bidali eta bide hau enseatzera Estatu Batuetako zenbait unibertsitatetan, lortu arte. Orain, zortzi hilabete joan dira eta, hasieran ez bezala, hasia da pentsatzen agian doktoradutza ere egin dezakeela Estatu Batuetan, bertan horri eskaintzen dizkioten baldintza onak medio.
-Askoren ametsa dirudi: beste herrialde eta kultura batean eskarmentua izan, zeure ikasketetan aurrera egin, eta hori, zeu ere eskolak ematen ari zaren bitartean, ekonomikoki errazagoa izan dadin.
Ez naiz kexatuko. Beste ikasle batzuekin batera zortea izan nuen Deustuko irakasle Jon Frankok bidea erakutsi eta honen berri eman baitzigun, azalduz eskaerak eta kurrikulumak nola idatzi eta esanez hemengo unibertsitateetan zer baloratzen duten gehien jendea hartzen dutenean. Zenbait aukera sortu zitzaizkidan eta Illinois State University-koa hautatu nuen unibertsitatea ondo dagoelako eta, izan ere, beste batzuk ez bezala gaztelania eskolak emateko aukera ematen zidalako eta horren truke ordaintzen dizkidaten mila dolarrekin, hileko errenta ordaindu eta juxtu samar, ez da erabat iristen, baina patrikari zulo handiegirik eragin gabe bizitzeko aukera ematen didalako. Aldi berean, unibertsitatean eskolak ematen ditudanez, zati batean bakarrik behar dut ordaindu Hizkuntzalaritzan egiten ari naizen masterraren matrikula.
-Lehenengo aldia Estatu Batuetan?
Europan ibilia naiz Erasmusen Stokholm-en baina hemen Ameriketan lehenengo aldia dut. Ingelesarekin erraz moldatu naiz, izan ere nire ikasketak Hizkuntzalaritza alorrekoak baitira, ingeles hizkuntzan espezializatuta hain zuzen. Guk han Ingalaterrako ingelesa ikasten dugu, beraz belarria findu eta hemengo azentura ohitu eta hemengo esamolde eta hizkerara egokitu behar izan dut, baina ondo. Bestela, gure unibertsitatea estatu honetako lehenengo unibertsitate publikoa da eta hogei mila ikasle inguru dauzka. Eraikin asko ditu, estadium bat, ikasleentzako errekreazio zentroa, igerilekuak eta kirol instalazioak... desberdina da oso hango unibertsitateekin alderatuta.
-Nola moldatzen zara ikasle amerikarrei eskolak ematen?
Eskarmentu aberasgarria da oso. Hasieran apur bat urduri baina berehala ohitu nintzen. Ikasketa desberdinak egiten ari diren ikasleak dira eta hizkuntz atzerritar bat eskatzen diete. Egiari zor, ez nuen pentsatzen hain azkar harrapatuko nuenik erritmoa. Klaseak praktikoak dira eta sistema oso komunikatiboa, ariketa asko eta berba asko egiten dugu. Neureak hizkuntzaren bigarren mailako ikasleak dira, beraz badaukate oinarri minimo bat. Hogei bat ikasle dauzkat seihilabetero.
-Nola aurkezten diezu zeure burua?
Lehenengo egunean euskalduna naizela azaltzen diet, Europako bazter txiki horretatik natorrela, Espainia iparralde eta Frantzia hegoalde artean, eta euskera izena duen hizkuntza bat daukagula. Normalean ez daukate ideiarik ere Euskadiri edo euskarari buruz, ez zaie batere ezaguna egiten. Geroago, kultura gaiak datozenean, euskal kultura sartzen dut apur bat, zergatik ez? Adibidez, joan den astean Korrikaren bideo bat ipini nien. Zortzi euskal abizen ere ipini nien, eurentzat dena berdina baita, baita Espainia eta Hego Amerika ere. Espainiari buruz ez dakite ezer, ezta ohiko topiko diren sevillanak eta flamenkoa ere. Ez dakite penintsulan hizkuntza bat baino gehiago hitz egiten denik. Euren erreferentziak espainolari buruz Hego Ameriketakoak dira gehienbat.
-Martxo hasieran elkarte euskaltzale bat, Artaburu Basque Club abiatu duzue unibertsitatean.
Abuztuan etorri nintzenetik, lehenengo seihilabetekoan zehar, bueltaka ibili naiz elkarte edo klub bat sortzeko ideiarekin, euskara eta euskal kulturaren berri eman eta ezagutarazteko. Estatu Batuetako beste unibertsitate batzuetan badaude euskara klaseak eta beste estatu batzuetan baita euskal etxeak ere. Nik dakidala, unibertsitatean, Euskal Herriko lau euskaldun gaude, hiru ikasle eta irakasle bat. Asmoa izango litzateke aurrerago unibertsitateak berak euskara ere sartu ahal izatea ofizialki eskaintzen dituen eskolen artean, duela gutxi japoniera eta portugesarekin egin duen bezalaxe. Departamendu buruarekin hitz egin dugu eta momentu honetan ez da posible, baina zergatik ez lehenengo euskara ezagutzera eman, euskal kultura apur bat aktibatu unibertsitatean eta horren bitartez gauzak prestatu, datorren urtean edo bi urteren buruan eskola horiek eman ahal izan ditezen? Hazia landatu behar dugu gutxienez. Beraz, urtarrilean beste klub batzuekin mintzatu ginen, baita NABO eta New Yorkeko Euskadiren Ordezkaritzakoekin, eta unibertsitatean paperak egin eta kluba sortu genuen. Martxoaren 4rako deitu genuen lehenengo bilera publikoa eta hamar bat pertsona etorri zitzaizkigun. Horrek animatu gintuen, interes handia nabaritu baikenuen etorri zirenen artean.
-Bigarren hitzordua ere antolatu duzue.
Apirilean izango da, pare bat aste barru-edo seguruenik. Pintxo tailer baten forma izango du --ekimen gastronomikoek beti erakartzen dute jende gehiago-- eta ikusteko dago Korrika moduko bat egingo dugun, gutxienez sinbolikoki. Jon Mayaren 'Bidaia intimoa' proiektatu nahiko nuke, ekoiztetxeari baimena eskatu diogu eta erantzunaren zain gaude, hemen gauza guztiak baimenez eta behar bezala egin behar baitira. Ikasturtea bukatu aurretik baliteke euskara klase bat, bakarra bada ere, antolatzea, oihartzuna ikusteko. Gero, eta oraindik ikasleek krediturik ez jaso arren, datorren ikasturtean zehar eskaintzen segitzea planteatuko genuke.