Donibane Garazi, Nafarroa Beherea. Joan den larunbatean, uztailaren 1ean, abiatu zen Mauletik EuskarAbenturaren 2023ko edizioa, 15 eta 17 urte arteko gazte euskaldunei udan Euskal Herria osorik oinez zeharkatzeko aukera ematen die ekimena . Bosgarren edizioa da aurtengoa, eta Diasporatik bi dira partaideak: Haize Suay i Sanginés (Valentzia) eta Unai Hernandez-Minaberry (Argentina). 125 gazte ari dira ibiltari, uztailaren 1etik 31era, Zuberoako Maulen hasi eta Bizkaiko Getxon amaituta. Orotara 32 herri zeharkatuko dituzte, helburuak euskalku diferentetako gazteak elkarrekin euskaraz aritzea izanik, elkar hobeto ezagutuz, eta Euskal Herriko kultura, historia, jendea, ohiturak eta ondare naturala bertatik bertara ezagutu eta bizitzea, bizimodu osasungarria eta naturarekin bat datorrena sustatuz.
Atzo Donibane Garazin zeuden (ikus bertako programaren laburpenaren bideoa) eta gaur Iruñera abiatu dira, ondoren Nafarroa zeharkatzen jarraitzeko eta bertatik Araban sartzeko. Egunero 15 edo 20 kilometroko ibilaldia egin ohi dute, eta eguerdi aldera iristen dira egunerko helmugara. Arratsaldean jardueraren bat gauzatzen dute dauden tokian, esaterako bisita gidatu bat delako herri horretan barrena, bertako historialari, kirolari edo kulturako pertsonekin biltzen dira leku bakoitzeko tokiko gaiak jorratzeko.
125 gaztetxok osatzen dute EuskarAbentura 2023ko taldea, gehi begirale eta laguntrzaileak
Gazteek atzo Donibane Garazin taldeka landutako gaietako bat: ekimenen antolaketa
125 gazte partaideek 400 kilometrotik gora egingo dituzte uztailaren 1etik 31ra
EuskalKultura.eus-ekin idatziz egindako solasaldian, Haize Suay i Sanginés-ek kontatu digu lagun berri euskaldunak egiteak bultzatu zuela EuskarAbenturan izena ematera, kirola egin eta euskara hobetzearekin batera. Valentziako Euskal Etxea eta euskal komunitateko kide da bera. Ez dago familiarik gabe, etxetik urrun egotera ohitura eta aitorzen du lehenengo egunak ez zaizkiola errazak egin, izan horrexegatik, etxetik urrun egoteagatik, baina azpimarratzen du jendea oso jatorra izaten ari dela eta asko lagundu diotela. Seguru dago egunak pasatzen joan ahala, gehiago irekiko dela eta esperientzia honek bizitza aldatuko diola.
Bere aldetik, Unai Hernández-Minaberry-k bat egiten du esaterakoan parte-hartzaileak, antolatzaileak eta begiraleak oso jatorrak direla eta espedizioaz asko ari dela gozatzen. Ibilbideak batzuetan gogorrak izan daitezke, baina "ez dira egin ezin daitekeen zerbait". Bere helburua hona etortzean, Euskal Herri osoko lagunak egitea eta Euskal Herrian barrena ibili eta ezagutzeaz gain, euskara hobetzea da. Argentinan, Tandilgo Euskal Etxean hasi zen bera euskara ikasten eta gero bere kabuz jarraitu du. EuskarAbenturan daramatzan lehenengo egun hauetan nabaritu du dagoeneko aurreratu egin duela ulermenean, batez ere euskalkiei dagokienez. Begi ninietan gelditu zaizkion uneak bizi izan ditu jada, hala nola Donibane Garazitik ibiltzea —arbasoak aldameneko Ortzaizekoak ditu— gazte batzuek panderoa eta txikitixa jotzen eta beste batzuek dantza egiten zuten bitartean.