euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Unai Elorriagak lehen antzezlana, 'Doministiku egin dute arrainek', Argentinan eta elebitara argitaratu du

2008/10/08

Unai Elorriaga idazle getxoztarra (argazkia ZaldiEro)
Unai Elorriaga idazle getxoztarra (argazkia ZaldiEro)

PUBLIZITATEA

Unai Elorriaga idazle getxoztarrak era bitxian argitaratu du bere lehenengo antzezlana: Argentinan eta euskara eta gaztelerazko edizio elebidunean, bertako Letranomada argitaletxearekin. Elorriaga euskal idazle ezagunenetakoa da eta 'S.P.-rako tranbia', 'Van't Hoffen ilea' eta 'Vredaman' eleberrien egilea da, besteak beste. Lehen antzezlan honek 'Doministiku egin dute arrainek' du izena eta bertan Elorriagak gizarte kritika eta alderdi ludikoa batzen ditu, jantoki publiko batean biltzen diren hiru koittauri jarraiki.

Getxo, Bizkaia. Elorriaga-Argentina konexioa Letranomada argitaletxeak idazle eta itzultzaile getxoztarraren lana oso gustukoa zuelako sortu omen zen. Elorriagak (Bilbo, 1973) arrakasta handia izan duten hiru eleberri, hainbat itzulpen eta saiakera bat idatzi ditu. 'Argitaletxetik idatzi zidaten, nire lana oso gogoko zutela esanez eta Argentinan argitaratzeko ipuinen baten eske', azaldu dio idazleak EuskalKultura.com-i. Elorriagaren eleberrien Argentinako eskubideak Alfaguara argitaletxeak  --bere lanak gazteleraz plazaratzen dituena-- zituen, baina idazlea aspalditik kajoian gordeta zuen antzezlan batekin gogoratu zen.

'Esperimentu moduan idatzi nuen, sekula ez nuelako antzerkirik idatzi. Ez nekien balio literariorik ote zuen eta ez nintzen ausartu euskal editoreren bati erakusten, agian, adiskidetasunagatik edo, argitaratzera behartuta sentituko zelako', aipatzen du. Elorriagak berak itzuli zuen gaztelerara eta Buenos Airesera bidali. Letranomadako editoreei asko gustatu zitzaien eta lana edizio elebidunean ateratzea erabaki zuten: jatorrizko euskaran eta gazteleraz. Lanak kritika onak jaso ditu eta Elorriagak aurreratu duenez  Alejandro Tantanian argentinar antzerki zuzendariak taularatzeko interesa agertu du.

Errealitatea eta absurdoa jantoki publiko batean

Antzezlana sukarrarekin gaixo zegoen batean bururatu zitzaion ideia zoro baten fruitua da, Elorriagak azaltzen duenez. 'Antzerki asko irakurtzen dut, Samuel Becket, absurdoaren antzerkia... baina ez nuen sekula antzerkia idazteko ausardiarik izan. Hala ere nire prosan aplikatzen dut, eta berdin gertatzen zait poesiarekin, gero nire estiloan agertzen dela'. 

'Doministiku egin dute arrainek' antzezlana hiru lagun txiro biltzen diren jantoki publiko batean gertatzen da. 'Gizarte kritika eta alderdi ludikoa batzen ditu', azaltzen du egileak. 'Leku hauetan ibiltzen diren pertsonek egoera oso gogorra bizi dute, gaixotasun psikikoak dituzte...baina aldi berean elkarrizketa bitxiak eta zoroak idazteko bidea ematen dute. Gainera antzezlanak aurrera egin ahala, ikusi ahal da bazkaltzera doazen hiru koittau horien atzean zerbait gehiago dagoela'.

Elorriaga pozik agertzen da bere lehenengo antzezlan honek agertokietara heltzeko duen aukerarekin, eta edizio elebiduna Argentinako euskal komunitatearentzako bereziki interesgarria izango dela espero du. Momentuz doministiku egiten duten arrain hauen misterioa argitu nahi dutenek argentinar edizioa eskuratu beharko dute: liburua internet bidez eros daiteke, Letranómada  argitaletxearen webgunean. Bertan, gainera, lanaren pasarte batzuk eta egilearekin elkarrizketa bat irakur daitezke.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia