euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Unai Basurkok beste estropada bati ekingo dio azaroaren 9an, munduari bira eskalarik gabe emanez

2008/10/17

Unai Basurko 'Pakea Bizkaia' belaontzian
Unai Basurko 'Pakea Bizkaia' belaontzian

PUBLIZITATEA

Unai Basurko itsasgizonak (Portugalete, 1973) beste proiektu bati ekingo dio datorren azaroaren bederatzitik aurrera: Vendée Globe estropadan hartuko du parte, lau urtean behin antolatzen den lehia, munduari bira inongo eskalarik gabe ematea helburu. 'Gogotsu' dagoela erronkari ekiteko adierazi dio EuskalKultura.com-i portugaletetarrak. Munduan barrena itsasoz egin dituen bidaietan euskal etxe eta komunitateak ezagutu izan ditu Basurkok, tartean Sidney-koa, Australian, eta Valparaiso-koa, Txilen. 'Guztietan oso ondo hartu naute, eta benetan eskertzen diet' diosku.

Getxo, Bizkaia. Datorren azaroaren bederatzian itsasoratuko da Unai Basurko itsasgizon portugaletetarra Les Sables D'Olonne portu frantsesetik, kanpoko laguntzarik gabe mundua zeharkatuko duen eskalarik gabeko estropadan. Vendée Globe estropada lau urtetik behin izaten da eta bertan parte hartzeko Australian eta Galizian ibili da ontzia doitzen, punta-puntako aurrerapenak ezarriz. EuskalKultura.com Basurkorekin mintzatu da eta estropadak dakarkion erronkari 'ilusio handiarekin eta gogo biziz' ekiteko prest agertu da.

Orain arteko estropadetan hainbat herrialde bisitatzeko aukera izan du Basurkok. Euskal Etxeren bat ezagutu al duen galdeginik, baietz dio: 'Txileko Valparaisoko Eusko Etxean egona naiz eta oso ondo hartu ninduten. Sydneyko Gure Txokoan gehiagotan egon naiz. Gogoan dut 96an estropada batean nenbilelarik, han egin zidaten harrera beroa. Geroztik behin edo behin itzuli izan naiz eta 'Pakea Bizkaia' itsasoratu genuenean ere Gure Txokoa Euskal Etxekoak han izan ziren. Eskertzekoa da beraien lana eta atentzioa'.

Oraingo estropadan parte hartzeko, punta-puntako aurrerapenak ezarri dizkio Basurkok 'Pakea Bizkaia' belaontziari. Australian eta Galizian egindako doitze lanak medio, '1 Formulako teknologia ere' badaramala azaltzen du. 'Pakea Bizkaia'-k 70.000 itsas milia egin ditu dagoeneko eta Basurkok 150.000 milia egin ditu bizitzan zehar. Estropada honetarako, bestalde, lan-talde baten laguntza izan du eta zenbait enpresa aritu dira Basurkorekin batera elkarlanean, estropada eta ontzia prestatzen. 'Lehia, gogorra izango da', adierazi du. '29 partaide gara eta lehenak 80 bat egun beharko ditu munduari bira emateko; nik ordea 100-110 egunen buruan amaitzen badut, pozik egongo naiz'. 

Lotura interesgarriak

-Vendee Globe estropada
-'Pakea Bizkaia' Belaontzia eta proiketua
-Unai Basurkoren bloga

 

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia