euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Umeen kantuek deituta, Olentzero goiztiar heldu da Boiseko Euskal Etxera (ikus bideoa)

2010/12/15

Euren kantuen indarrez deitu zuten Boiseko neska-mutilek Olentzero Euskal Etxera (irudia Henar Chico)
Euren kantuen indarrez deitu zuten Boiseko neska-mutilek Olentzero Euskal Etxera (irudia Henar Chico)

PUBLIZITATEA

'Olentzero begi gorri, fun, fun, fun' kantatuz hartu zuten joan den igandean Boiseko neska-mutilek Gabonetako euskal jeinua Boiseko Euzkaldunak Euskal Etxean egin zen festan. Eta gogotik kantatu ere! Henar Chico boisetarrak sareratu duen bideo honetan ikus daiteke Boiseko haurrek zer nolako ilusio eta irrikaz bizi izan zuten momentu magiko hori. Euskal Herrian zein Diasporako edozein bazterretan horrelakoak asko ikusiko dira datozen egunetan, baina milesker Henarri une eder hau interneteko euskaldunekin partekatzeagatik!

Boise, AEB. Boiseko euskal komunitatea joan den igandean hasi zen Gabonak ospatzen eta urtero bezala Olentzerori ongi etorria egiteko sekulako jaia antolatu zuten. Henar Chico euskal amerikarrak horren berri ematen du bere blogean argitaratu duen sarrera ederrean. Hasteko, Boiseko dantzariek erakustaldia eskaini zuten Borah High School eskolan. Bertara bildu ziren Boiseko euskaldunak, ikuskizunaz gozatuz, eta euren seme-alabak, baserritar jantzita eta dagoeneko oso urduri, Olentzero noiz ikusiko zain.

Dantza erakustaldiaren ondoren jaia Euzkaldunak Euskal Etxearen egoitzara pasa zen.  Bertan bazkaria egin zuten denek, Olentzero etorri bitartean babarrun zopa, sandwichak, tarta eta gailetak janez. Ondoren Boiseko alkateak, Dave Bieter euskal-amerikarrak, Olentzeroren kondaira irakurri zuen eta umeei Olentzerori deitzeko ozen eta indartsu kantatzeko eskatu zien.  Bideoan ikus daitekeenez, umeak gogotik ahalegindu ziren!

 

Euskal Herritik kanpo Olentzeroren ohitura ederra mantentzen eginahalak egiten dituzten euskaldunen komerien seinale Henar-en kontaketa umoretsua: "...Euskal etxerako bidean umeei azaldu behar zergatik ezin dugun ikusi Santa, baina bai Olentzero. Gero, Olentzeroren gezurrezko bizarra azaltzeko istorio bat asmatu behar izan dut. Eta datorren astean Olentzero desberdin bat, gazteagoa, joango zaie Ikastolara; eta, zalantzarik ez dut, azaldu egin beharko diet nolatan galdu dituen Olentzerok bapatean 30 kilo eta zergatik duen orain benetako bizarra!".



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia