Gaztetxonetatik nagusienetara arte, itzel pasatu zuten Montrealen euskal ihauteriak ospatuz, estreinako aldiz (Argazkia: E.Q.)
Hala iragarri dute Quebec-eko Euskaldunak euskal etxetik. Iragan igandean, hilaren 21ean, bertako euskaldunek Inauteriak ospatu zituzten lehenbizikoz. 40 bat lagun bildu ziren “3tik 86ra urte bitarteko haurrei” zuzendutako programara. “Belaunaldiz belaunaldi, (gure) kultura bizirik mantentzeko dira baliotsuak ekintza hauek”, esan dio EuskalKultura.com-i Sylvie Nadaud antolatzaileak.
Montreal, Quebec. “Euskaldunak Quebec klubaren helburu nagusia kultura eta ohiturak ospatzea eta Euskal Herria eta Kanadaren arteko zubia eraikitzea da”, esan digu Nadaudek. Helburu hori gogoan, astebururako esku-lanak, kirol-txapelketak --'txapel jaurtitzea' eta sokatira--, abestiak kantatzea eta ipuin kontaketak antolatu zituzten gaztetxoentzat. Sorpresa legez, gainera, Joaldun batzuen bisita izan zuten ere. Bukatzeko, krepak prestatu eta jan zituzten denek batera.
Kultura bizirik mantentzearen garrantzia
“Klubeko haur gehienak elkarteko kide zaharrenen bilobak dira”, adierazi du arduradunak. “Ipar Ameriketan jaio eta hazita, Euskal Herriarekiko lotura galduta edo atzendu samarra daukate gehienek. Horregatik dira baliotsuak ekintza hauek, belaunaldiz belaunaldi, (gure) kultura bizirik mantendu eta lotura eta erreferentzia batzuk gogoan atxik ditzaten”, azaldu du.
Lehenengo Ihauteri hauek arrakastatsuak izan dira, jai giro alai eta partehartzailea lortu baitute, 40 bat lagun bilduta, tartean zortzi ume. Lehenengo harria ipinita, datorren urtean ere berriz egitea espero dute. Euskal Etxeak antolatzen dituen programetara, oro har, 30-50 lagun inguru batu ohi dira, eta hamabi bat haur.