euskal diaspora eta kultura
2008/09/05
PUBLIZITATEA
Donostia-San Sebastián. Hizkuntz Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak Ukan-'Pixka Bat es Mucho' 2008 kanpainaren balioespen oso positiboa egin du gaur goizean Donostian. "Aurreneko aldia da euskararen aldeko kanpaina batek halako oihartzun erabat masiboa lortzen duena. Publizitateak ohikoak dituen une eta guneak gainditu, eta gizarte osora iritsi da Ukan 2008 'pixka bat es mucho' kanpaina: jende guztiak ezagutzen du eta ulertu du mezua, gazte askok egin dute bat kanpainarekin, webgunean sartuz, 'pixka bat es mucho' kanta internetetik hartuz eta kontzertuetara joanda…", azaldu du Baztarrikak. Kantuak euskara dibertigarria eta erraza izan daitekeenaren ideia zabaltzea lortu du, bakoitzak dakiena hitz egitera --gutxi bada ere-- animatzen bada.
"Euskararen kontuan bi ertzetako posturak ikusten ditugu maiz: batzuek diote euskararen alde egiten den guztia gutxi dela, euskarari agonia eta etsipenez begiratzen diote, eta esaten digute 'pixka bat ez dela mucho, pixka bat poco dela'; beste batzuek, berriz, gazteleraren jagoleek, euskararen alde egiten den edozer gauza gehiegizkoa da, inposizioa da, gaztelerarentzat arriskugarria. Hizkuntza-aniztasunaren garaian bizi gara, ordea. Europan eta munduan. Eta honetan ere gizartea aurreratua izan nahi dugu. Gaur, Europan eta munduan, elebakartasuna ez baita araua, salbuespena baizik. Araua eleaniztasuna baita, hizkuntza guztienganako errespetua eta sustapena", esan du sailbuordeak itxaropentsu. "Elebakartasuna ez da eskubide bat, muga bat baizik: desberdintasuna eragiten baitu. Uniformitateak pobretu egiten du, baita hizkuntzen kontuan ere".
Azken txanpa
Kanpainaren azken txanpa datozen egunetan, Donostiako Estropadetan urtero bizi den jai giroan egingo da. Igande honetan hasi eta datorren igandea arte zenbait ekitaldi egingo dira. Bigarren igande horretan goizez bi pantaila erraldoi jarriko dira Donostiako kaian eta Alderdi Ederren eta bertan proiektatuko da, estropadarekin batera, Pixka bat es mucho kanpainako DVDa, kantua, kanpainako ekitaldien irudien bideoa eta abar. Estropadak eta gero, arratsaldeko 18:30etan, Kursaaleko terrazan, kanpaina bukaerako festa erraldoia, Pixka bat es mucho festa egingo da: The Uski's, Kerobia, Loquillo eta Pixkabatesmucho taldea.
Abestiaren webgunean bideoa, letrak eta karaoke bertsioa aurki daitezke, besteak beste, hemen.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus