Iragan larunbatean, udazkeneko afariaren bueltan batu ziren Estatu Batuetan Homedale-ko (Idaho) euskaldunak. Salgai zeuden 130 sarrerak agortu egin ziren Jesus Alcelay chef oñatiar boisetarrak prestatutako afariaz gozatzeko. “Oso ondo pasatu genuen, mus jokalarien izenean topa egitea ahazteraino”, esan dio, txantxetan, Euskal Etxeko kide den Gloria Lejardik EuskalKultura.com-i.
Homedale, AEB. Txoko Ona Euskal Etxeko kideek bazekiten, larunbat arratsaldean, hirikide dituzten Tony eta Darren Uranga laugarren lotu zirela Cancun-en (Mexiko) eginiko Munduko Mus Txapelketan. Berehala jakin zuten, larunbatean, gertatu berritan. “Facebook bidez, informatzen zeuden euren familiek”, esan digu Lejardik.
Zortzigarren aldiz antolatu du Txoko Onak udazkeneko afaria beraiena den eraikinean. “Geure kluba txikia da eta ez dugu dantzari eta musikaririk izaten udazkenean, baina oso ondo pasatzen dugu”, adierazi digu euskara menperatzen duen idahotar honek. Porru-patatak, entsalada, patata erreak, haragia onddo saltsarekin, bakailaoa eta arrozesnea prestatu zuen Jesus Alcelay-k, hainbat kideren laguntzaz. "Arrastiko 17:00etan hasi ziren ailegatzen lehenak, nahiz eta afaria ordu eta erdi beranduago zen hastekoa". Eta gaueko 22:30erako bukatu egin zuten dena.
Urtarrilaren 12an izango dute mota honetako hurrengo afaria Homedale-n eta, honen ostean, hiriko mus txapelketa otsailean, eta dantza eguna martxoan. Hala ere, maiatzeko NABO Mus Txapelketan hasi dira pentsatzen jada, bertan jokatuko baita. “Baditugu hainbat ideia. Zuzendaritza Batzordea eta mus arduradunak egingo dute lan handiena horretarako. Oso aproposa da geure erakina txapelketarako”, bukatu du Lejardik.