euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal literatura Polonian: itzulpengintza Wroclaw-en eta ipuin eta kantu kontzertua Poznan-en

2013/10/28

Ezkerrean, Juan Kruz Igerabide idazlea, Wroclaw-en egin zen itzulpengintzari buruzko mahainguruan (argazkia Etxepare)
Ezkerrean, Juan Kruz Igerabide idazlea, Wroclaw-en egin zen itzulpengintzari buruzko mahainguruan (argazkia Etxepare)

PUBLIZITATEA

Udazkenak euskal hotsak ekarri ditu aurten Poloniara, Wroclaw eta Poznan hirietan egin diren zenbait kultur jarduera medio, Etxepare Euskal Institutuak lagunduta. Wroclaw-en, esaterako, Juan Kruz Igerabide, Elixabete Manterola eta Harkaitz Cano idazleek Wroclaw Short Story Festival delakoan parte hartu dute. Bestalde, Poznan-en Euskara eta Euskal Kultura irakurlegoaren ikasturteari hasiera emateko Weronika Nowak ikasle ohiak euskal kantu eta ipuin kontzertua eskaini zuen (ikus bideoa jarraian).

Wroclaw, Polonia. Euskal literaturak tarte zabala izan du urrian Poloniako Wroclaw hirian, bertan egin den bederatzigarren Wroclaw Short Story Festival jaialdiaren baitan. Etxepare Euskal Institutuak eta EIZIE euskal idazleen elkarteak lagunduta, bertan izan ziren Juan Kruz Igerabide eta Elixabete Manterola idazleak, itzulpengintzari buruzko solasaldi batean parte hartzen, Monika Czernyrekin batera. Ekitaldian “idazlean itzultzaileen lantegian” tailerreko emaitzak izan zituzten hizpide eta bertan landutako hainbat pasarte irakurri zituzten, euskaraz, gaztelaniaz eta polonieraz, Sonia Kolaczek itzultzailearen laguntzarekin. Bestalde, Harkaitz Cano idazlea ere Wroclaw-en izan zen, idazketa mintegi batean parte hartzen. Ondoren literatura irakurraldi bat eskaini zuen Canok.

Horrez gain, Poznan-en ere izan da hil honetan euskal ekitaldirik; izan ere, kontzertu zinez berezia antolatu zen urriaren 18an, Adam Mickiewicz unibertsitateko Euskara eta Euskal Kultura ikastaroari hasiera ofiziala emateko. Ikastaroko ikasle izandako Weronika Nowak kantari poloniarrak euskal kanta eta ipuinak uztartu zituen, Sweet Surrender gunean eskaini zuen emanaldian. Ikuskizuna Poloniako beste zenbait hiritara zabaltzeko asmoa du Nowak-ek (besteak beste, Srem, Czempin eta Mosina) eta, posible bada, Euskal Herrian ere kontzertuak emateko gogoa agertu du. Hona emanaldiaren bideo bat:

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia