Buenos Aires, Argentina. Euskara zabaldu eta mantentzeko helburuz jai zen duela 72 urte Buenos Airesen Euskaltzaleak Euskaltegia eta asmo eta xede hori betetzeko urtean zehar mota anitzeko jarduerak antolatzen ditu. Urte askotan bere lana Buenos Aires hiriburura egon zen mugatuta, nahiz eta erakundearen historian ez diren gutxi izan hiri gehiagotara euskara irakastera atera diren irakasleak. Oraingoan, ordea, proposamena erosoago eta errazagoa da. Euskaltzaleak-ek 2012an abian jarri zuen On Line ikastaroaren bitartez, ez da beharrezkoa bidaiatzea euskaldunen hizkuntza ikasteko. Are gehiago, etxeatik bertatik egin daiteke, ikasleari ondo datorkion momentuan eta ahal duen edo gehien komeni zaion erritmoan.
Euskaltzaleak-eko lehendakaria den Teresa de Zavaletak, ikastaroaren apailatzaile nagusiak, honako hau azaldu dio EuskalKultura.com-i: “Bost urte daramatzagu On Line ikastaroarekin lan egiten eta oso emaitza onak lortu ditugu bere bi modalitateetan. Batetik, aurrez aurreko eskolen osagarria da, ikasle batzuk ezin baitira egoitzara bertaratu astean bitan. Baina askoz ere baliagarriagoa da euskara klaserik ez duten hiri eta euskal etxeentzat. On Line ikastaroarekin euskara ikasteko lehenengo pausoak –oinarrizko maila bat lortzeko– egin ditzakete interesatuek aurrez aurreko klaseetara joan gabe”.
Esperientzia martxan dago eta Argetinako hiri eta leku askotako ikasleak animatzen dira teknologia eta hizkuntzarekin (ikastaroa Argentinatik kanpoko ikasleentzat ere eskaintzen da, baina). “Misionesetik Puerto Madrynera… hamaika bazterreko ikasleak ditugu. Kasu batzuetan banaka segitzen dute… beste batzuetan, taldeka. Esaterako, hasi berria den Pergaminoko Lagun Onak Euskal Etxeko taldean, hogei bat ikasle daude, eta talde bat osatu dute; gehienak Euskal Etxean elkartzen dira atalak egitera, eta gero banan banan bidaltzen diote lana irakasleari, bakoitzak bere zuzenketak izan ditzan”.
“Dantzarekin batera, euskara da euskal etxeetara jende gehien erakartzen duen aktibitatea edo aktibitateetakoa. Euskal etxeek, beraz, jende berria lortzeko eskaini dezakete kurtso hau, euren funtsezko eskaintzako parte eta horixe ari da gertatzen, hain zuzen ere, erakunde batzuetan”, azaldu digu Zavaletak.
Metodologia
Ikastaroa lau ‘liburutan’ dago antolatuta, liburu bakoitza sei atalek osatua. Atalak Euskaltzaleak-eko web orriko ‘Aula Virtual-Ziber Gela’-tik jaisten dira, eta bakoitzean, testu, bideo eta audioak daude. Ikasle bakoitzak bere bidea egiten du eta tutoreak atalak eskuratu ahala zuzenketak eta gomendioak itzultzen dizkio ikasleari, era pertsonalizatuan.
Proposamena hizkuntza klaserik ez duten erakundeentzat oso aproposa bada ere, edonor apunta daiteke. Zeure inguruko euskal etxean euskara klaserik ez badago, doain izango duzu eta klase presentzialetarako aukera baduzu eta hala ere ikastaro hau baliatu nahi baduzu, lasai, oso prezio apala ipini baitiote ikastaroari.
On Line ikastaroarekin hasteko, zeure herriko euskal etxera jo behar duzu eta euskal etxetik email bat idatzi dute Euskaltzaleak-eko idiomavasco@gmail.com helbidera, bertan euskara klaserik ez dela ematen esanez. Euskaltegiak pasahitza bidaliko dio ikasleari eta momentu horretatik aurrera hasi ahal izango da ikasten. “Ohartu gara, jende batzuk udako eta oporretako hilabeteak ikasteko baliatzen dituela eta horregatik aurten ere On line ikastaroak uda osoan jarraituko du”, jakinarazi digu Teresa Zavaletak.
Euskaltzaleak-en urteko azken topaketa
Uda datorren astean hasiko da Buenos Airesen eta Euskaltegiko On Line ikastaroak jarraituko du, baina elkartearen Bernardo de Irigoyen kaleko egoitzan gaur bertan bukatuko dira 2016ko ekintzak, urteko azkeneko Topaketa batekin. Hasteko, zine zikloaren azken emanaldia egingo dute eta, Carlos Gabilondoren eskutik, ‘Betirako Sua’ filma eta “Yo no soy de aquí” (Ni ez naiz hemengoa) laburmetraia pantailaratuko dituzte (Ni ez naiz hemengoa, protagonista euskalduna duen laburmetraia txiletar bereziki interesgarria da, gainera). Hitzordua 20:30etan da eta emanaldiaren ondotik mota askotako pintxo eta edariak eskainiko dira, eta Beti Ospitalek prestatzen dituen goxokiak ere partekatuko dituzte bildutakoek.