euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Udalbiltza ta Udalbideko ordezkaritza bat, Julian Eizmendi presidentea buru, Argentinako Euskal Astean partaide

2007/10/04

Udalbideko partaide diren Bixente Arozena (ezk.) eta Vale Tena (esk.), Josu Legarreta erdian, joan den uztaileko Euskal Gizataldeen Mundu Biltzarrean
Udalbideko partaide diren Bixente Arozena (ezk.) eta Vale Tena (esk.), Josu Legarreta erdian, joan den uztaileko Euskal Gizataldeen Mundu Biltzarrean

PUBLIZITATEA

Udabiltza ofizialeko eta Udalbideko --haren 'euskal lurraldearteko elkartasun fondoa'-- ordezkaritza bat Argentinan da eta gaur bertan ekingo dio Buenos Airesen datorren asteko iganderaino Argentinan eta Uruguain barrena gauzatuko duen bisitaldiari. Hamaika egunotan, udal ordezkariok FEVA eta FIVUko buruzagiekin bilduko dira Buenos Aires-Rosario eta Montevideon eta kontaktuak garatuko dituzte bi herrialdeotako diasporarekin 'elkar hobeto ezagutu eta plangintza amankomunak garatzeko aukerak aztertzeko'. Ordezkaritzako buru, Julian Eizmendi Udalbiltza-Udalbideko presidentea doa, eta berarekin batera Mª Eugenia Arrizabalaga, Vale Tena eta Bixente Arozena, hirurak Udalbideko Diaspora Batzordekoak.
Udalbiltza®k --Euskal Herriko Udalen eta Udal Hautetsien Biltzarra-- eta Udalbidek --euskal lurraldeen arteko elkartasunerako haren erakunde bitartekaria-- ordezkaritza bidali dute Argentinara, gaurtik hasita eta datorren asteko igandera arte Argentina eta Uruguaiko hainbat euskal etxe bisitatu eta bi herrialde amerikarrotako euskaldunekin eta euren erakundeetako ordezkariekin elkarrizketatuz, elkarren arteko harreman ildo berri bati ekiteko asmotan.

Ordezkaritzako buru, Udalbiltzako presidente eta Udalbideko Zuzendaritza Batzordeko lehendakaria den Julian Eizmendi, Azpeitiko hautetsia. Berarekin bidaikide Mª Eugenia Arrizabalaga, Zumaiako hautetsia, Vale Tena Gasteizko hautetsi ohia eta Bixente Arozena Igantziko hautetsia, hiru azkenak Udalbideko Diaspora Batzordeko kide.

Hitzaldia gaur arratsaldez Laurak Bat-en

Argentinako euren programa gaur arratsaldean bertan hasiko da. Hiriburuko Laurak Bat Euskal Etxeko Zuzendaritza Batzordeak eskainiko dien harrera ekitaldi batean parte hartuko dute zazpietan, eta zazpi t'erdietan, etxe bereko Sebastian Amorrortu aretoan hitzaldia eskainiko dute, ondoren bertaratutako euskaldun, euskaldunen ondorengo eta oro har euskaldunen lagunekin solasteko. Bihar, berriz, Rosariora abiatuko dira, asteburu osoan Euskal Argentinar Aste Nazionaleko ekitaldietan aritzeko, bateon batean hizlari eta besteetan giroa eta komunitate euskaldunaren nondik-norakoen erreferentziak lehen eskutik jasotzen.

[Julián Eizmendi (EAJ-PNV), Udalbiltza ofizialeko presidentea da eta aldi berean Udalbideko Zuzendaritza Batzordeko lehendakaria. Azpeitiko udaletxeko balkoian agertzen da hemen.]

Astelehenean, urriak 8, ordezkaritza erdibitu egingo da eta taldeetako bat, Mª Eugenia Arrizabalaga eta Vale Tena partaide, Montevideo aldera aterako dira, bertan, lehenengo egun horretan, Euskal Erria Euskal Etxea bisitatu eta bertako agintari, bazkide eta lagunekin jarduteko, hitzaldi bat eskainiz; biharamunean antzeko zerbait egingo dute, Montevideon bertan, Haize Hegoa Euskal Kultura Landu eta Hedatzeko Zentruarekin, hitzaldi berria emanez. Asteazkenean, berriz, Flores hiriko alkate den Armando Castaingdebat-ekin bilduko dira, eta Buenos Airese aldera itzuliko dira arratsaldez, buquebusez.

Bitartean, Julian Eizmendi eta Bixente Arozena iritsiak izango dira Rosariotik urrun ez dagoen San Nicolas de los Arroyos herrira, jadanik Buenos Aires probintzian, eta bisita luzatuko diote bertako Euskal Etxeari, Zuzendaritza Batzordearekin eta bazkideekin bilduz. Astelehenean, San Nicolaseko alkate Marcelo Carignanik bi hautetsiok errezibituko ditu eta ondoren herriko 'Concejo Deliberante'aren bilkura bateko ohorezko gonbidatu izango dira, erakunde honetako lehendakari Alberto Teisseire eta lehendakariorde Jorgelina Glorio buru. Arratsaldez, baieztatzeke, hitzaldia eskainiko dute Euskal Etxean eta ondotik afari batean hartuko dute parte, alkatea, zinegotziak eta Euskal Etxeko agintariak bertan direla.

Buenos Aires probintziako Diputatu Ganberan

Hilaren 10-11, taldearen arabera, Uruguain edo Mar del Platan emango dituzte. Buenos Aires probintziako hiriburu den La Platan, ordezkaritza Probintziako Diputatu Ganbera Agurgarriko Presidenteorde Carlos Bonicatto doktoreak --La Plata Hiriko Garaikunderako Fronteko diputatua berau-- harrera egingo die goizeko hamaiketan. Hamabietan Udaletxean harrera prestatu diete euskal jatorriko zinegotziek, hala nola José Ramón Arteaga, Sebastián Tangorra eta Teresa Urriza-k, hiruak Garaikunderako Frontekoak. Arratsaldez, hitzaldi berria eskainiko dute, kasu honetan La Platako Euzko Etxean, eta haren ondotik afaria izango da, euskal etxe honetako bazkide eta Zuzendaritza Batzordeko kideekin.

Hurrengo egunetan Udalbiltza eta Udalbideko ordezkariek bisita programarekin segituko dute, euskal etxeko eta komunitate euskal-argentinarreko ordezkariekin bilduz, besteak beste Buenos Airesen eta Mar del Platan. Emandako datu hauek behin-behinekoak dira eta aldaketarik izan dezakete datozen orduotan.


Enlaces relacionados

Udalbideren webgunea, Udalbiltza ofiziala aipatuz
www.udalbide.net

Ezker abertzalearen Udalbiltzaren webgunea
www.udalbiltza.net

Udalbiltza zatitu zenekoa
Madrilgo El País egunkariaren artikulu batean

FEVA, 'Federación de Entidades Vasco Argentinas'
www.fevaonline.org.ar

Buenos Aireseko Laurak Bat Euskal Etxea
www.laurakbat.com.ar

Montevideoko Haize Hegoa Zentrua
Presentación de la entidad

San Nicolaseko Euskal Etxea, Buenos Aires probintzian
www.euzkalnik.com.ar

La Platako Euzko Etxea
www.centrovasco.com

Mar del Platako Denak Bat Euskal Etxea
www.denakbat.org.ar


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia