euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Udalbide Elkarlan Elkarteak 'Urbasan bagara' udalekua antolatu du uztailean, zortzi herrialdetako gaztetxoentzat

2007/04/18

Urbasan Bagara programaren afitxea
Urbasan Bagara programaren afitxea

PUBLIZITATEA

Datorren uztailean 10 eta 13 urte bitarteko gaztetxoak abentura eta naturan murgildu ahal izango dira astebetez Urbasako Parke Naturalean, Udalbide Elkarlanean Elkarteak antolatu dituen Udalekuei esker. Zortzi herrialdeetako gazteek parte hartu ahal izango dute bertan, hau da, bai Euskal Herriko eta baita Diasporako gazteek ere. Eskalada, espeleologia, bizikleta eta mendi txangoak egingo dituzte, besteak beste, euskara hutsezko testuinguruan. Astebeteko kanpalekuaren prezioa 100 eurokoa da eta izena emateko epea maiatzaren 11an bukatuko da.
Udalbide Elkarlan Elkarteak antolatuta, Euskal Herriko zortzi Probintzietako 10 eta 13 urte bitarteko gaztetxoek Urbasa mendilerroan astebeteko kanpalekua egin ahal izango dute datorren uztailean. Udaleku honek natura eta inguru euskaldun batean harremandu eta bizitzeko aukera emango die. Hizkuntza kanpalekuaren ardatzetako bat izango da, arduradunek aitortu dutenez. 'Euskararen erabilera bermatu nahi dugu gure gazteen artean. Neurri batean, eskolan bakarrik egiten omen dute batzuk euskaraz, baina kanpoan, kalean, lagun artean... erdarara jotzeko joera daukate. Guk udaleku honetan ingurune euskaldun hau eskainiko diegu eta komunikatzeko ez dute beste hizkuntzarik beharko izango'.

Kanpalekuek astebeteko iraupena izango dute eta uztailean egingo dira. Tarte honetan umeek 'gaztetxoek berdineko beste herrialdeetatik etorritako beste gaztetxoak ezagutzeko aukera izango dute. Horrela, gustu eta interes ezberdinak duten beren adinakoekin elkar bizitzen egonen dira', azaltzen dute Udalbidetik. 'Umeengan jokabide demokratikoa landuko da, giza harremanetan, talde lanetan... elkarrizketa, tolerantzia, partaidetza aktiboa eta jarrera kritikoa praktikatuz', besteak beste.

Diasporako gazteentzat ere

Diasporako gazteak, zortzigarren herrialdekoak, alegia, ongi etorriak izango dira kanpalekuetara, Amaia Iturralde Udalbideko komunikazio arduradunak gure buletinari baieztatu dioenez. 'Aurtengoa lehendabiziko edizioa da eta ezin izan dugu Diasporako gazteei bereziki zuzenduriko ezer antolatu, organizazio aldetik konplikazio gehiago genuelako. Baina hasieratik gogoan izan ditugu eta hurrengo edizioetan zerbait egin ahal izango dugula espero dugu. Hala ere, Diasporako umeren batek aurtengo edizioan parte hartu nahi badu, ongi etorria izango da, noski. Are gehiago, beste haurrentzat oso aberasgarria litzatekeela uste dugu', azaltzen du Iturraldek. Kasu honetan parte hartu nahi duen gaztetxoaren familiak hartu beharko du bere gain Euskal Herrirainoko bidaia. 'Familiarekin Euskal Herrira udara pasatzera etortzen diren umeentzat aukera paregabea izan daiteke', Iturralderen aburuz.[Ezkerreko irudian gaztetxo batzuk kanpalekuaren instalazioetan].

Lurralde desberdinetako haurren artean harremana estutzea izango da kanpalekuaren helburuetako bat, baina beste batzuk ere izango dira: euskararen normaltasuna bultzatzea, Urbasan dauden euskal kulturaren arrastoak ezagutzea eta ingurumenaren aldeko sentsibilizazioa sustatzea. Horretarako gazteek jarduera desberdinak egingo dituzte, Artelatz enpresako profesionalek gidatuta: eskalada, espeleologia, mendiko bizikleta, igeriketa, euskal jolasak, mendi irteerak, jaialdiak, ama lurrarekin kontaktua... , 'Urbasa mendilerroak eskaintzen duen inguru paregabea profitatuz'.

Lau txanda uztailean

Kanpalekuen txandak honoko tarteetan izango dira: uztailaren 3-9, uztailak 9-15, uztailak 15-21 eta uztailak 21-27. Izenemateak banaka eta taldeka egin daitezke (neska-mutiko kopuru oreka kontutan hartuko da). Ume bakoitzeko eskaera orri bakarra onartuko da. Udalekuak programaren helburuak kontutan izanik, herri mailako edo eskualdeko taldeak egitea biltzen dute antolatzaileek, beste lurraldekoekin nahastu ahal izateko. Izena eman edo informazio gehiago jaso nahi duenak 943 670 249 telefonora deitu edo urbasanbagara@udalbide.net e-mailera mezua bidal dezake. Izena emateko epea maiatzaren 11an itxiko da. Egonaldiaren prezioa, 100 euro. [Eskubiko irudian haur talde bat Artelatz enpresaren jarduera batean]


Lotura interesgarriak

Udalbide Elkarlanean Elkartea
www.udalbide.net

Urbasa eta Andia Parke Naturala
www.parquedeurbasa.es

Udalbidek 169.500 euro eman ditu laguntzatan Nafarroan
EuskalKultura.com-en argitaratua 2006ko abenduaren 14ean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia