euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Udalbide Elkarlan Elkarteak hitzarmena sinatu du Donostian, Basque Heritage ekimenaren lana laguntzeko

2007/10/29

Julian Eizmendi, Udalbideko Zuzendaritza Batzordeko burua, Vale Tena, Diaspora Arloko kidea eta Joseba Etxarri (argazkia EuskalKultura.com)
Julian Eizmendi, Udalbideko Zuzendaritza Batzordeko burua, Vale Tena, Diaspora Arloko kidea eta Joseba Etxarri (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Udalbidek eta Basque Heritagek hitzarmena sinatu zuten ostiralean Donostian, Udalbiltza ofizialaren elkartasun fondoa den Udalbidek Basque Heritage ekimenak euskal diasporaren alde egiten duen lana laguntzearren. Izenpetzea egin ondoren, Julian Eizmendi Udalbiltza eta Udalbideko lehendakariak prentsaurrea eskaini zuen Udalbiltza-Udalbideko ordezkaritza batek Argentina eta Uruguaira egin berri duen bidaiaren berri emateko. Diasporarekiko harremanaldi berri baten hasiera ezarri nahi izan du bidaiak, 'itsasoaz bi aldeotako euskaldunen elkar-ezagutza eta lankidetzan oinarritua'.
Hitzarmena sinatzeko ekitaldia Donostian egin zen, Koldo Mitxelena Kulturuneko areto nagusian eta bertan aritu ziren izenpetzaile Julian Eizmendi, Udalbideko Zuzendaritza Batzordeko lehendakari legez, eta Joseba Etxarri, Basque Heritage ekimeneko arduradun gisa. Sinadura burutu aurretik eginiko hitzetan Julian Eizmendik Udalbidek euskal kulturarekiko daukan engaiamendu irmoa azaldu zuen, 'gehienbat erakundeen laguntza eskasa jasotzen duen tokietan, hala nola Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian, Trebiñon edota, honakoan bezala, Diasporan.

[Koldo Mitxelena Kulturuneko aretoko mahaia Udalbide eta Basque Heritageren arteko hitzarmena sinatzeko ekitaldian. Irudian, Joseba Etxarri Basque Heritage ekimeneko arduradunak dauka hitza (argazkia EuskalKultura.com)]

Bere aldetik Joseba Etxarrik Basque Heritage ekimenak gaurdaino egin duen ibilbidea gogoratu zuen, internet medio garatzen dituzten BasqueHeritage.com eta EuskalKultura.com atariak aipatuz. Esan zuenez, 'honelako proiektu bat bakarrik da posible atzean jende askoren lankidetza, ilusioa, lana eta konplizitatea badauka', 'hainbat pertsona eta talde euskal kultura eta sentimentuaren alde mundu osoan egiten ari diren ahalegin orokorraren partaide baitira' egunero internetez berritzen diren aipatu bi atariok. 'Horri gehitu edo emendatu behar zaio', esan zuen, 'Udalbide bezalako erakundeetatik datorren sostengua, zeinari esker, konparazio, iaz urtea amaitu ahal izan genuen eta aurtengoa urrats sendoagoz hasi'.

Bidaia Argentina eta Uruguaira

Hitzorduaren lehenengo zatia bukatuta, Julian Eizmendik hartu zuen berriz ere hitza eta berak eta Udalbideko ordezkari etorritako Mª Eugenia Arrizabalaga, Bixente Arozena eta Vale Tenak urriko lehenengo hamabostaldian Argentina eta Uruguaira eginiko bidaia aipatu zuen. Udalbiltza eta Udalbideren izenean joan ziren lauak eta Rosarion, Euskal Argentinar Aste Nazionalean hartu zuten parte. Solas, hizketaldi eta bisita egitarau bat egin zuten Hego Konoko bi errepublikotan. Lauok bat etorri ziren, azalduz 'euskal' eskarmentua eta 'hunkigarria' izan dela Ameriketan bizi izan dutena.

Eizmendi Udalbiltzako lehendakari eta Udalbideko Zuzendaritza Batzordeko lehendakari gisa bidaiatu zen eta gainerako hiru hautetsiak Udalbideko Diaspora Arloko kide diren heinean. Aukera izan zuten bertako euskaldunak in situ ezagutu eta euren euskaltasuna nola bizi duten dastatzeko eta bertako euskal kezka eta arrengurak entzuteko. Izan ere, Udalbidek aurrerantzean garatu nahi duen lankidetza ildo berri baten hasiera gisa planteatu zuten, 'Atlantikoaz bi aldeotako euskaldunok proiektu amankomunetan bilduz'.


Lotura interesgarriak

Udalbide eta Udalbiltza ofizialaren webgunea
www.udalbide.net

Udalbiltza eta Udalbideren ordezkaritza bat Rosarion izango da
2007ko urriaren 4an argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia