euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Udalak eta Probintziak emandako bi sari, Gral. Rodríguez-eko Euskal Etxeko liburuzain Fca. Vicente de Poncerentzat

2007/11/05

Adelma Arguissain senadorea domina ematen Francisca Vicente-ri, alboan Gral. Rodriguez-eko Coronel alkatea, eta Graciela Giannettacio Buenos Aireseko gobernadoreordea
Adelma Arguissain senadorea domina ematen Francisca Vicente-ri, alboan Gral. Rodriguez-eko Coronel alkatea, eta Graciela Giannettacio Buenos Aireseko gobernadoreordea

PUBLIZITATEA

Eusko Aterpea Euskal Etxeko liburuzaina da Francisca Vicente de Ponce eta jo eta ke aritzen da astean hirutan, euskal elkartean dohaintzan hartutako liburuekin zein jendeari arreta eskaintzen. Garatzen duen lan bikainarengatik, bitan saritu dute aurten anderea. Martxoan, Emakumearen Nazioarteko Egunaren karietara, 'Emakume hautu' izendatu zuen Gral. Rodriguez-eko Udalak. Probintzia mailako saria etorri zen ondotik eta 'Kulturaren Sustapena' arloan, 'Emakume eraberritzaile' hautatu zuen Buenos Aireseko Probintziak.
Francisca Vicente de Ponce --Kika, lagunentzat-- 2004ean hurbildu zen Eusko Aterpea-ra eta segituan sentitu zen gustura bertan, 'hemengo jendea oso atsegina baita, elkarrekin gogotsu lan egiteko modukoa', komentatzen du. Euskal Etxera azaltzen hasi zen lehenengo boladan, bazkari eta festa giroan ibili omen zen gehienbat, 'baina egun batean liburuekin lan handia egiteko zegoela entzun nuen, tokia aurkitu behar zitzaiela, kaxetan gorderik baitzeuden oraindik, eta honelaxe, hain zuzen, liburuak txukuntzeko, sailkatzeko eta inbentariatzeko eskaini nuen neure burua', kontatu dio Kikak EuskalKultura.com-i hasierak nola izan ziren galdetutakoan. 'Lan horrengatik uste dut eman dizkidatela sariok', aitortzen du apal, errekonozimenduak aipatutakoan.

Emakumearen Nazioarteko Egunean Gral. Rodriguez-eko Udalak urtero ematen dituen 'Emakume Hautuak' sariari buruz ari da Francisca, hau izan baitzen lehena. 'Sari honetarako emakume bat proposa zezakeela esan zioten Euskal Etxeari eta Zuzendaritza Batzordekoek ez zidaten niri ezertxo ere esan, baina bilera batera gaia ekarri eta aho batez onartu zuten nire izena aurkeztea', azaltzen du liburuzainak. Gustura hartu zuen berak izendapena, are gehiago Udalak proposamena haintzakotzat hartu eta halaxe izendatu zutenean, martxoan.

2007ko 'Emakume Eraberritzailea'

Eta ondotik, Adelma Arguinsain senadore probintzialak '2007ko Emakume Eraberritzaile' sarirako proposatu zuen 'Kulturaren Sustapena' atalean. Sariak, kasu honetan, domina, diploma eta lore bat baitaratzen du eta hori guztia eman zioten pasa den ekainaren 28an, Buenos Aires probintziako La Plata hiriburuan, probintziako Senatuan egindako ekitaldi berezi batean, beste zenbait alorretan nabarmendutako emakumeen artean.

"Autodidakta naizela esan dezaket", komentatzen du Kikak. "Hasieran jarraipide batzuk eman zizkidaten eta pixkanaka joan naiz ikasten. Gaur egun 5658 liburu ditugu eta dohaintzei esker gora doan kopurua da. Zentruari horretan laguntzen saiatzen naiz eta egia esan, gustuko lana dut". Francisca Vicente de Ponce, astero harrapa daiteke astelehen, asteazken eta ostiraletan Eusko Aterpea-ko Nikomedes Iguain Azurza Herri Liburutegian, liburu artean lanean edota jendeari arreta eskeintzen. Ordutegia, arratsaldeko lauetatik zazpiak bitartean, Gral. Rodriguez-eko Mitre 370 kalean.


Lotura interesgarriak

'Nikomedes Iguainen izena duen biblioteka saritu dute'
Goierriko Hitzan

'Acto por el Día de la Mujer' eta saria Fca. Vicente de Ponce-ri
Gral. Rodriguez-eko Elvecinal.com webgunean



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia