euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Udako kultura tailerrak, musika, dantza, euskara-eta solasgai, gustu guztientzat, Macachingo Euzko Alkartasunaren eskutik

2024/02/08

Macachingo Euzko Alkartasunak euskal kulturari buruzko tailer ugari eskaintzen ditu udan, doan eta komunitate osoari irekita
Macachingo Euzko Alkartasunak euskal kulturari buruzko tailer ugari eskaintzen ditu udan, doan eta komunitate osoari irekita

PUBLIZITATEA

Macachín, Argentina. Pampako bero sargoriak ez ditu kikildu Macachingo Euzko Alkartasuneko Kultura Azpibatzordea osatzen duten gazteak. Urtea hasi eta egun batzuetara, 2024rako kultur programa hasi ziren moldatzen. Iazko udako esperientzia arrakastatsua kontuan hartuta, errepikatzea erabaki zuten, eta berehala ekin zioten. Euskal dantza, musika, marrazketa, mitologia, geografia eta gai gehiago jorratzen dituzten tailer sorta interesgarria antolatu zuten, doakoa eta irekia komunitate osoari.

Egutegia estreinatuz, urtarrilaren erdialdera hasi zen Jorgelina Chaparteguik eta Mara Munizagak koordinatutako euskara eta euskal kultura tailerra. Jarduera oinarrizko ezagutzak eskuratu nahi dituztenei zuzendua da eta otsailaren amaierara arte luzatuko da. Jolas eta abestien bidez Euskal Herriko geografía, historia eta euskara ari dira lantzen. Astelehen eta asteazken goizetako taldeaz gain, aste honetan abiatuz, asteartetan 20etan elkartuko den beste bat izango da.

Euzko Alkartasunaren 65. urteurrene

Ohi ez bezala, eta tenperaturak altuak izan arren, hasi dira dantza taldeen entseguak Euzko Alkartasunan. Martxoan Euskal Etxeak 65 urte beteko ditu eta hilaren 8, 9 eta 10ko asteburuan ospatuko dute. Karia horretara, ostiraletan, 18etatik 22etara, Macachingo Gure Ametza dantza taldeko lau formazioak elkartzen dira, Daniela González eta Jimena Anguloren eskutik. Dantza topaketak Urteko Euskal Kultura Tailerren parte dira eta astero beste topaketa batekin osatzen dira. Horretan, musika, mitologia, historia, artea eta euskal kultura gai interesgarriak jorratzen dira, gidari direla Antonela Veroli Mujica, Iosu Pacha Iruretagoyena eta Jose Luis “Sejo”Franco.

Tailerretako batean parte hartu nahi dutenek Kultura Azpibatzordeko kideren batekin harremandu beharko dute edo Euskal Etxeko sare sozialen bidez idatzi. Facebooken, Centro Vasco Euzko Alkartasuna, eta Instagramen, cvmacachin.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia