euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Udako jai euskal-kataluniarra Goethe Unibertsitatean, Frankfurten, Hemendikan taldearen zuzenekoarekin

2007/07/21

Hemendikan taldeko kideak kontzertuan (argazkia MPetrus)
Hemendikan taldeko kideak kontzertuan (argazkia MPetrus)

PUBLIZITATEA

Frankfurteko Goethe Unibertsitateak ikasturteari agur egin dio Udako Jai Euskal Kataluniar batekin. Alemaniako Euskal Ikasketen Etxeak (AEIE) eta Unibertsitateko katalan ikasle eta irakasleek antolatu zuten jaia eta herri desberdinetako lagunak bildu zituen ekitaldiak --kataluniarrak, euskaldunak, espainolak, alemaniarrak, mexikarrak, kolonbiarrak, kubatarrak, frantsesak, ingelesak...-- denak ala denak kulturarteko jai honetaz gozatzeko prest.
Irakasle, ikasle eta lagun artean 70 pertsona baino gehiago bildu ziren herenegun, uztailak 19, Frankfurteko Unibertsitatean egin zen ekitaldira. Ikasturte bukaerako lehendabiziko Euskal Kataluniar Jaia zen eta izenari ohore eginez bi herrietako kutixiekin eman zioten hasiera: cava kataluniarra, euskal ardoa, pintxoak eta opilak, besteak beste. Stegmann irakasleak eta Martin Petrusek, AEIEko koordinatzaileak, harrera egin zieten gonbidatuei.

Bi hizlariek ikasketa taldeen izenean euren esker ona agertu zien taldeko bi lankideei: Ridarcd Wilshusen, katalan irakaslea 30 urtez, eta Steffanie Doelz, Catalanistica arloko lankidea. Martin Petrusek, bere aldetik, eskerrak eman zizkien, sei hilabeteotan unibertsitateak antolatu dituen euskal ikastaroetan parte hartu duten ikasleei. Jaiaren lehen zatia katalana izan zen eta Stegmann irakasleak dantza ikastaro labur bat eman zuen, sardana nola dantzatu erakutsiz.

'Hemendikan' taldearen kontzertua

Bigarren zatian, zati euskaldunean alegia, 'Hemendikan' taldeak kontzertua eskaini zuen. Taldea unibertsitateko kideek osatzen dute: Mercedes Perez euskera irakasleak (ahotsa), mintzapraktika irakasle Aingeru Gorrotxategik (ahotsa eta kitarra) eta euskara ikasle batek (ahotsa eta kitarra). Taldeak euskal abestiak jo zituen, eta kontzertuko unerik hunkigarrienean, euskara eta katalan ikasleek lagundurik, Laboaren 'Txoria Txori' abestu zuten. [Ezkerreko irudian Aingeru Gorrotxategi eta Mercedes Perez]

'Jaia arrakastatsua izan da eta euskaldun, kataluniar eta alemaniarren artean harremanak estutzeko aukera eman digu', azaldu dio Petrusek BasqueHeritage.com-i. 'Bukaera ederra ematen dio arrakastatsua izan den ikasturte bati. Bi hizkuntzentzako izan baita ikasturte ona, gero eta gehiago hazten ari garelako Unibertsitatean'. Euskal Ikasketa Zentroak beste ekitaldi baterako deia egin du, udan, abuztuaren 25ean Meno ibaiaren ibaiertzean egingo den jaian egingo den euskal kontzerturako hain zuzen.


Lotura interesgarriak

Frankfurteko Unibertsitateko Euskal Liburutegia
http://titus.uni-frankfurt.de/basklib

Frankfurteko euskara ikasleek sagardo dastaketa egin zuten
BasqueHeritage.com-en argitaratua 2007ko ekainaren 22an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia