Bartzelona, Katalunia. Euskara taldeak amaitzen ari dira 2019-2020ko ikasturtea Bartzelonako Euskal Etxean. Pandemiak eragindako egoera berezi honetan, talde bakoitzak erabaki du presentzial edo birtual bururatu. Eta orain egun batzuk, euskarazko udako ikastaroetan izena emateko epea ireki du hiriburu katalaneko Euskal Etxeko euskaltegiak. Hogei orduko ikastaroak eskainiko ditu, astelehenetik ostiralera, bai hasi berrientzat bai ikasturte berria hasi aurretik orain arte ikasitakoa berritu nahi dutenentzat.
Lehenengo ikastaroa ekainaren 29tik uztailaren 10era arte luzatuko da, eta izena emateko epea datorren ostiralean, ekainaren 19an, bukatuko da. Urtero bezala, Eearen egoitza itxita egongo da abuztuan. Baina irailean bigarren udako ikastaroa emango dute: abuztuaren 31tik irailaren 10era arte (izena emateko epemuga, uztailaren 10a).
EEko saioak normaltze bidean
Euskara klaseez aparte, “Txokoa eta ekitaldi kulturalak irailetik aurrera jarri nahi ditugu martxan”, azaldu zaio Euskal Etxetik Euskalkultura.eus-i. Tartean, duela gutxi itzuli dira dantza taldekoak tailerretara. Denek, jakina, Covid19az babesteko protokoloak jarraituz aurrez aurreko klaseei dagokienez: distantzia eta tenperatura neurketa sarreran. Apurka euskal etxeko aktibitateak normaltzen ari dira eta espero dute jendea gero eta gehiago animatzea eta ahalik eta normaltasun handienez bueltatzea.
Udako euskara eskolei buruzko informazio gehiago, hemen.