euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Argentinako UEU: urtez urte haziz doan proiektuak 2011ko ikastaroa itxi zuen joan den ostiralean

2011/02/15

Udako Euskal Unibertsitateko ikasle eta irakasle batzuek hiriburuko "Gernika" jatetxean afaldu zuten  (argazkia UEU)
Udako Euskal Unibertsitateko ikasle eta irakasle batzuek hiriburuko "Gernika" jatetxean afaldu zuten (argazkia UEU)

PUBLIZITATEA

2009an proposamen ausart batekin ireki zizkion ateak Buenos Aires hiriburuko Euskal Echeak Argentinako komunitateari. “Handia da dagoen jakinmina euskal kulturarekiko eta, aldi berean, aukera gutxi daude ikasteko. Agian, Udako Unibertsitate batek hutsune hori bete dezake”, azaltzen zuen proiektua proiektu baino ez zenean Enrique Aramburu ideiaren bultzatzaile nagusiak. Gaur, hirugarren edizioa bukatuta, hasierako helburuak bete eta proposamena asko hazi dela aitortzen dute antolatzaileek: “Ikasleen lanak gero eta hobeak dira, aurten ordaindu ahal izan diegu irakasleei eta kanpoko irakasle gonbidatu baten hitzaldiak itxi du ikastaroa. Geure burua gaindituz joan garen seinalea da”, ondorioztatu dio Aramburuk EuskalKultura.com-i.

Buenos Aires, Argentina. Historia, arkitektura, hizkuntza, literatura, legeak, geografia, sukaldaritza eta musika izan dira 2011ko eskolen gai nagusiak. Egitaraua, gainera, Estatu Batuetatik ikastaro honetan eskolak ematera propio etorritako bisita berezi batekin --John Bieter historialari euskal estatubatuarrarekin-- bukatu da otsailaren 1etik 11ra garatu den Udako Euskal Unibertsitatea.

Balantzea eta hobekuntzak

“Balantzea ona da oso. Ikasleen maila primerakoa izan da eta euren lanak ere bai. Izan ere, joan den urteko ikasle batzuk irakasle bihurtu dira aurtengo edizioan eta zalantzarik gabe 2011 honetatik beste irakasle batzuk aterako dira”, azaldu du Unibertsitateko sortzailea den Enrique Aramburuk. “Aurreko edizioekin alderatuz, aurreratze handia ikus daitekeela uste dugu. Jende gehiagorengana heldu gara, urtean zehar –eta barrualdeko herrietan– emandako ikastaro eta tailerrek euren emaitzak eman zituzten. Irakasleei dagokienez, John Bieter-en laguntza izan dugu aurten eta horrek unibertsitateen arteko harremanak sendotzen du”.

“Beste aurrerapen baliotsua gure betiko irakasleei konpentsazio ekonomikoa eman ahal izan diegula izan da. Aurreko ikastaroetan musutruke eskaini izan dute beren lana. Aurten, ordaindu ahal izatea garrantzitsua izan da guretzat”, adierazi du Aranburuk. “Beste alde batetik, Euskal Echea Institutuak emandako harrera ezinhobea da, ohi bezala. Oso gustura egon gara guztiok bi asteotan”.

2011ko UEUko azken eguna 01

[Udako Euskal Unibertsitateko ikasleak klase batean (argazkia UEU)]

Etorkizunerako proiektuak

Udako Euskal Unibertsitatea haziz joan da eta agian neguan ere egiten duten lanagatik neur daiteke ematen dituzten urratsak. Iaz Tres Lomas herrian eman zuten ikastaro trinko bat eta 2011 honetarako Pergamino eta San Nicolas-era joateko gonbidapenak dituzte. Horretaz gain, FEVAk eskaintzen dituen hitzaldien artean, Unibertsitateko irakasleen mintzaldi batzuk ere sartuko dira aurten.

2011ko ikastaroaren bukaera

Antolatzaileak poz-pozik daude bizi izandako esperientziarekin baina ikasleek ere egun ederrak pasatu dituztela aitortzen dute. “Erritmoa trinkoa da, lan handia egiten dugu” –kontatu digu Adelina Retamal-ek, ikasleetako batek, “baina horrek hobeto prestatzen gaitu azken lana egiteko. Iikastaroa egiten dudan hirugarren aldia da hau eta 'Kontrabandoa Pirinioetan' izan da nire lanaren gaia. Oso kontent nago eskolekin, gainera oso talde jatorra sortu dugu ikasleen artean”, adierazi digu Adelinak.  Marta Severi, berriz, Buenos Aires probintziako Pilar hirikoa da eta egunero 50 kilometroko bidaia egin behar izan du unibertsitatean parte hartu ahal izateko. “Izugarria izan da. Denetik ikasten duzu. Jendeak ikasteko eta irakasteko gogo handia du. Irakasleek asko dakite Euskal Kulturako hainbat arlori buruz. Eta onena de dena leku berean dagoela”, azaldu digu Martak.

2011ko UEUko azken eguna 02

[John Bieter aditu euskal amerikarrak amaiera hitzaldia eman zuen (EuskalKultura.com)]

Giro ederra ikastaroan zehar eta baita amaiera ekitaldian ere. John Bieter irakasleak 'Euskaldunak AEBetan' izeneko saioa eskaini zion publiko jendetsu bati. Ondoren, ikasleak eta Sarandi kaleko Euskal Echera hurbildu ziren lagun guztiak bertako kaperara bildu ziren organo eta txistu-kontzertua entzutera. Ana Paula Segurolak (organoa) eta Jose Maria Gutierrez-ek (txistua) euskal musika errepertorio ederra konpartitu zuten publikorekin.

2011ko UEUko azken eguna 03

[Gernikako Arbola abestiarekin bukatu zuten kontzertua Ana Segurola eta Jose Maria Gutierrez-ek (argazkia EuskalKultura.com)]

Errezitalaren ondoren, idazlanak egin zituzten ikasleek ziurtagiriak jaso zituzten eta bukatzeko brindisa egin zen Udako Euskal Unibertsitateko edizio berriaren bukaera arrakastatsua ospatzeko.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia