euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

San Nicolaseko Euskal Etxeak urte amaiera jaia egin ostean 2013 urtea Udako Barnetegiarekin hasiko du

2012/12/20

San Nicolaseko Euskal Etxea-ren egoitza barneak euskal herrixka baten itxura dauka (argazkiaEE)
San Nicolaseko Euskal Etxea-ren egoitza barneak euskal herrixka baten itxura dauka (argazkiaEE)

PUBLIZITATEA

Urte berezia izan da 2012 hau San Nicolaseko euskaldunentzat. Alde batetik, euskara eta musika klaseak eman dira urtean zehar Natalia Hormazabal eta Valeria Magliocchetti irakasleen eskutik. Beste alde batetik, euskal etxeak bultzatzen dituen gizarte laguntza arloko proiektuak, tartean 'Etxe Nasaia', 'Irakurriz Hazi', 'Ume Jolasak', 'Diasporaren Herri Kirolak' eta 'Euskal Sentimendua Zabaltzen', betiko arrakastaz izan dira garatuak. Ospatzeko arrazoiak ez dira falta izan eta hori horrela, etxeko kide eta lagunek urte amaiera jaia polita burutu zuten. Hiru zatitan banatuta, festak ikasle eta irakasleak eta bertako eta beste erakunde batzuetako abesbatzak batu zituen. Urtarrilean, 'Euskara Munduan'go 2013ko Udako Barnetegiko egoitza izanez hasiko du urtea euskal etxe sannicolastarrak.

San Nicolas, Argentina. Lagun anitz elkartu ziren joan den abenduaren 8an Buenos Aires probintziako San Nicolaseko euskal etxean, badoan 2012. urte arrakastatsuari agur esateko. Hainbat ekitaldi gauzatu dira ziklo honetan, baina dudarik gabe sannicolastarren artean arrasto sakonena utzi duena 'Etxe Nasaia' proiektuaren 10. urteurrenaren jaialdiarena izan da. Gogora dezagun 'Etxe Nasaia'ren urtemugan milatik gora umeri eman zitzaiela bazkaria herriko plazan.

Urte amaierako jaia San Nicolas 2012 01
[Lagun ugari bertaratu ziren San Nicolaseko Euskal Etxea-ra urte amaierako jaian parte hartzera (argazkiaEE)]
 
Datorren urteari begira eta nonbait erritmoa gutxitzeko inongo asmorik gabe, urtarrilean hasiko dira ekimenak Euskal Etxean, HABEk eta FEVAk kudeatzen duten Euskara Munduan 2013-2016 lau urteko proiektuaren lehenengo barnetegiarekin. Hori baino lehen, ordea, 2012. urtea itxi dute Euskal Etxea-ko lagunek eta hiru zati izan zituen oso programa oparo batekin egin zuten.
Urte amaierako jaia San Nicolas 2012 02
[Jaiaren baitan Euskal Etxeak antolatutako Abesbatzen I. topaketa egin zen (argazkiaEE)]
 

Ekitaldia hasteko, Errekatarrak Abesbatzak, Euskal Abendaren ereserkia / Gora ta Gora interpretatu zuen. Ondoren, ‘Ai Zer Plazera’, Patxi Saiz-en bideoa eman zen. Musikarekin jarraitzeko, Txistu eta Dantza irakaslea den Valeria Magliocchetti musikariak Euskal Herrian euskaraz (instrumentala, txistu eta danbolina) eta Ikusi Mendizaleak (instrumentala, txistu eta panderoa) jo zituen. Euskara ikasleek ere izan zuten beren partaidetza Euskal Etxea-ko jaian. Beraiek egindako ‘Nola esaten da euskaraz’ bideoa aurkeztu zuten Natalia Hormazabal irakasleak lagunduta.

Urte amaierako jaia San Nicolas 2012 04
[Etxeko txistularia den Valeria Magliocchettik zenbait euskal abesti jo zituen (argazkiaEE)]
 
Urte amaierako jaia San Nicolas 2012 03
[Natalia Hormazabal euskara irakasleak bere ikasleen lana aurkeztu zuen (argazkiaEE)]
 

Festaren bigarren zatian, kantariak gailendu ziren San Nicolaseko Euskal Etxeak antolatutako Abesbatzen I. Topaketan. Emanaldiari hasiera emateko, Errekatarrak Abesbatzak, Jorge Menna zuzendari, Solo el Amor (Silvio Rodriguez), Ikusi Mendizaleak (Euskal Folklorea), Andre Madalen (Euskal Folklorea) eta Cuando el hombre va en camino (Castillo-Sará) abestu zituen. Jarraitzeko, San Genaro Abesbatzak, Diego Petrelli zuzendari, honako kanta hauek interpretatu zituen: Cuando llegue el albaNaranjitaiEl dominguero eta Doña Ubenza

Azkenik, Rosarioko Unibertsitateko Coralia del Sol Abesbatzaren txanda izan zenean, La estrella azulChacarera SantiagueñaHonrar la vidaEl Alcaravan, eta Amalia Rosi entzun ahal izan ziren euskal etxeko areto nagusian. Topaketaren hurrengo zatira pasatu baino lehen, talde guztiek Leon Gioecoren Cinco siglos igual kantatu zuten.

Gau aldera, agapea eskaini zitzaien gonbidatuei. Goi mailako ‘etxeko sukaldariek’ txipiroiak gurin eta arrozarekin prestatu zuten.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia