euskal diaspora eta kultura
2011/12/21
PUBLIZITATEA
Tandil, Argentina. Urte amaierarekin batera, Euskara Munduan proiektuaren 2008-2011 lau urteko plana ere bukaerara iritsiko da. Hori dela-eta programaren bidez euskara irakasleak bihurtzeko ikasi zuten Txile, Brasil, Uruguai eta Argentinako ikasleek euren azken elkarretaratzea izango dute urtarrilean. Hitzordua, hilaren 21etik 28ra izango da, Tandilen, eta aurreko ikastaro trinkoetan bezala, mintza praktikari emango zaio lehentasuna. Kurtsoaren amaiera ospatzeko, afari bat egiteko asmoa dute antolatzaileek urtarrilaren azken larunbatean, 28an.
2012-2015 eperako aurreikuspenak
Aurreko plana bukatuta eta etorkizun hurbilari begira, Argentinako euskal etxeetan, eta bereziki, euskararen arloan, zer beharrak dauden aztertzen ari da FEVA, 2012-2015 lau urteko aurreikuspenak egin ahal izateko. Formakuntza plan berria martxan jartzen bada, hasiera 2012ko uztailean izango litzateke.
Kari horretara, euskara irakasleak trebatzeko, ikasleek eta euskal etxeek bete behar dituzten baldintzak jakinarazi dituzte FEVAko euskara arloko arduradunek:
- Trebakuntza, Euskara Munduan proiektuaren bidez gauzatuko da, lau urteko programa batean, eta hiru puntu hauek kontuan hartuz:
- on-lineko 32 asteko ikastaroa
- astebeteko bi barnetegi -- ikastaro trinko --, bata neguan eta bestea udan
- euskarazko pedagogia ezagutzeko jardunaldiak, urtean bitan
Ikastaroa beka sistemaren barne gauzatuko da. Beka euskal etxeari ematen zaio, eta euskal etxeak konpromiso gutuna sinatu behar du; horrek esan nahi izango du erakundeak hartuko duela bere gain ikaslearen jarduera. Konpromiso hori urtero berritu beharko da eta beka berriro lortzeko gutxienez %80ko asistentzia izan behar du parte hartzaileak on-line kurtso eta ikastaro trinkoetan. Asistentziaren baldintza betetzen ez bada, beka galduko da eta euskal etxeak 400 euroko ordainketa egin beharko du. Euskal etxeak eskatu ahal dio ikasleari asistentziari buruzko informazioa. Udako eta neguko elkarretaratzetan maila ebaluazioak egingo dira.
Ikasle talde berri bat sortzeko asmotan, interesa duten euskal etxeek informazio hau aurkeztu behar dute FEVAn:
- euskal etxeko ekintzen artean, datozen hiru urtetan euskara klaseak emateko asmoa duten,
- euskal etxea trebatzeko pertsona aurkezteko engaiamendua hartuko duen,
- aukeratutako pertsonaren datuak, izen-abizena, euskal etxearekin duen harremana, euskara (edo/eta beste hizkuntzarik) ezagutzen duen, adina, lanbidea,
Bide batez, Euskara Munduan proiektuan ikasle/irakasle bat aurkeztuko zuten euskal etxeei FEVAtik eskatzen zaio euskara erreferente bat izendatzeko, bi erakundeen arteko komunikazioa errazteko. Informazioa bidaltzeko epea, urtarrilaren 13an bukatuko da. Beharrezko da data hori errespetatzea, bildutako eskaera guztiak urtarrilaren 28an egingo den FEVAren bileran aztertuko baitira. Informazioa bidaltzeko helbidea: FEVA_euskera@fibertel.com.ar
Euskara maila baieztatzeko azterketak Argentinan
Bide luzea du euskarak Argentinan eta ehunka lagunek izan dute Atlantikoaren alde honetan Pirinioetako hizkuntza ezagutu eta ikasteko aukera. Orain, euren euskara mailaren agiria lortu nahi dutenek, azterketak egiteko aukera izango dute datorren urteko uztailean. FEVAtik jakinarazi duten legez, 1. 2. eta 3. mailako azterketak (6., 9. eta 12.urratsekoak, azken hau EGAren parekoa) egingo direla lehendabizikok Argentinan, eta data zehatza oraindik ez egon arren, aurkeztuko direnen datuak – nortzuk eta zein mailatan – bidali behar dira FEVAra azterketarako trebakuntzarako eskaera bideratzeko. Erantzunak FEVAra igorri behar dira, urtarrilaren 13ra arte.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus