euskal diaspora eta kultura
2011/12/28
PUBLIZITATEA
Puerto Madryn, Argentina. Urte amaiera ospatzeko, bazkari bat antolatu zuten Puerto Madryngo Etorritakoengatik Euskal Etxeko kideek. 2011 hau ez da batere erraza izan euskal etxeko lagunentzat; hala ere, bizkor eutsi diote eta oztopoak gainditzen joan dira. Bazkariaren baitan, zuzendaritza batzordeko lehendakaria den Nicolas “Katxin” Fagoagak esker beroak eman zizkien euskal etxekide guztiei – dantzarien gurasoei eta dantzariei, batzordeko kideei, laguntzaileei eta bereziki Maria Eugenia Guridi, Laura Machi eta Camila Esquercia-ri – Maria Julia Ercorecak hasitako bideari jarraitzeagatik”. Bazkarian, abuztuan zendu zen eta euskal etxeko fundatzaile eta alma materra izan zen Maria Juliaren omenezko bideo bat proiektatu zuten.
[Puerto Madryngo Etorritakoengatik-eko kideek euren kopak jasoz urte amaierako jaian (argazkia EE)]
La Platako Euzko Etxean
La Platako euskaldunen festa abenduaren 4an izan zen. Egun osoko topaketan, Javier Clua etxeko lehendakariak ongi etorri hitzak zuzendu zizkion bildutako jendeari eta urtean zehar egindako lan eskerga eskertu zien erakundeko kide guztiei.
Musika ez zen festatik kanpo geratu. Euzko Etxea-ko abesbatzak euskal errepertorioko zenbait kanta eskaini zituen eta ondoren, dantzari ertainak lagundu zituen euren koreografia batean.
[Urtean zehar euskal etxean garatzen diren ekintza guztietako ordezkariak bildu ziren Euzko Etxearen egoitzara, 2011ri “agur” esateko festan (argazkia EE)]
2011ko zikloa bukatzeko, ekintza guztietako irakasleek opariak jaso zituzten euskal etxeko kide eta ikasleen eskutik. Gonbidatuek euskara taldeek egindako “Hargatik” aldizkaria ere jaso zuten. Urteko aktibitateen laburpena bideo instituzional batera bildu zen eta proiektatu ziren irudietan kultur, kirol eta gizarte arloetan garatzen diren ekintzak oro ikusi ahal izan ziren.
Dantzariek ere hartu zuten parte urte amaierako jaian, Txikiek, Ertainekoek, Helduek eta, nola ez, Zaharrek. Datorren urteari begira, Maria Rosa Ibarguren de Macuso izendatu zuten elkarteko 'alkate'.
Jaiarekin bukatzeko, La Platako Unibertsitatean ikasle dabilen Maddi Garaizabal euskal herritarrak pieza batzuk jo zituen albokan eta Olentzerok —Daniel Altamirak— gozokiak banatu zizkien umeei.
Buenos Aireseko Eusketxe, Eusko Kultur Etxea
“Giro ederrean eta lagun artean” ospatu zuten Buenos Airesko Eusketxeko kideek 2011. urtearen amaiera. Elkarretaratzeari hasiera emateko, instituzioak egindako ekintzei buruzko bideo bat proiektatu zen. Ondoren, erakundeko lehendakari Maria Elena Etcheverry erakundeaz, bere historiaz eta iraganean izan dituen eta gaur egun dauzkan erronkez eta proiektuez mintzatu zen.
[Eusketxeko urte amaierako jaian, Euskal Asteko euskara lehiaketako irabazleek oroigarri bat jaso zuten (argazkia EE)]
Ekitaldiaren baitan, Celeste Girasole, Maria Echevarne, Guadalupe Garcia eta Rosa Misciagna Euskal Asteko Euskara Lehiaketaren irabazleek --Eusketxeko ikaskeak eurak-- opari bana jaso zuten Belen Girasole irakaslearen eskutik, euretaz harro egotearen adierazle. Ekin Dantzari Taldeak eta Eusketxeko Dantza Tailerreko dantzariek pieza batzuk eskaini zituzten bildutakoen aurrean eta, ikuskizuna bukatuta, Sukaldaritza Tailerreko kideek prestatutako platerak dastatu ahal izan zituzten gonbidatuek. Olentzerok Mexico kaleko etxea ere bisitatu zuen eta opariak eskuratu zizkien Eusketxeko lagunei.
Tandilgo jaiotza biziduna
Tandilgo Gure Etxea euskal etxeak erlijio kristauarekin lotura handia duen ohitura batekin itxi zuen 2011. urtea. Abenduaren 17an, euskal etxe aurreko Plaza de las Carretas enparantzan eta Gernikako haritzaren kimuaren ondoan jaiotza biziduna muntatu zuten bertoko euskaldunek.
[Tandilgo jaiotza bizidunaren protagonistak (argazkia EE)]
General Las Herasen
General Las Heraseko Zazpiak Bat Euskal etxeak eta erakundeko buru den Luis Echegaray-k bultzaturik, euskal aste bat burutu zuten Buenos Aires probintziako herri honetako euskaldunek urtea amaitzeko. Hamaika ekintza antolatu zituzten euren herritarren aurrean euskal kulturaren lekukotasuna emateko, tartean, euskal herri kirolak eta dantzak.
Abenduaren 11an bukatu zen jaialdian pelota-paleta eta mus txapelketak, eta plater-tiro lehiaketa egin ziren Gral. Las Herasen. Euskal Astearen hastapenean, Joseba Etxarri EuskalKultura.com-eko zuzendariak eman zien hasiera ekitaldiei, ikurriñaren koloreak zeramatzan zerrenda askatuz. Euskal Asteko ekimenetan anitz lagunek parte hartu bazuten ere, proposamen deigarrienak kalean egin ziren kirolak izan ziren.
[Gral. Las Heraseko Euskal Astean, herri kirolak gailendu ziren]
Hasteko hogei bat korrikalari bildu zituen lasterketa bat egin zen herriko kaleen zehar. Segidan, herriko aizkolaririk azkarrena zein zen jakiteko hamabi gizon neurtu ziren txapelketa batean. Irabazleak Luis Alberto Echegaray (lehenengo), Walter Echegaray (bigarren) eta Carlos Langan (hirugarren) izan ziren. Trontzalari trebeenak, berriz, Walter Echegaray eta Pedro Garmendia suertatu ziren.
Herriko jende ugari hurbildu zen plazara kirolak eta dantzariak --Gral. Las Heras bertakoak eta Cañuelasekoak-- ikustera. Ikuskizuna bukatuta, bazkari bat partekatu zuten euskal etxeko lagunek San Luis Gonzaga Institutuan.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus