Zeremoniak bi zati izango ditu, protokolozko ekintza eta ohorezko ardoa. Biak martxoaren 28an izango dira, zaharberritu berria den Viedma hiriko Alberdi kaleko egoitzan, Buenos Aires eta Rio Negro probintzia argentinarretako agintariak lagun. Behin instalazioak martxan jarrita, Aberri Eguna ospatuko du bertan Beti Aurrera Aberri Etxea-k apirilaren 5ean.
Viedma, Argentina. Gelditu gabe ari dira lanean Viedma eta Carmen de Patagonesko Euskal Etxeko kideak martxoa bukatu aurretik euren egoitza prest izan ahal izateko. Helburu horrekin, uda osoa aritu dira lagunak berritze lanetan eta ahalegin horren emaitzak agerian geratu dira. Rio Negro probintziako Viedma herriko eta Buenos Aires probintziako Carmen de Patagonesko euskal gizataldeak biltzen dituen "Beti Aurrera Aberri Etxea"k martxoaren 28an irekiko dizkio ateak komunitateari.
Inaugurazioa bi zatitan antolatuko da. Protokolozko ekintzan, Argentinako bandera eta ikurrina altxatuko dira eta ereserkiak abestuko ditu etxeko abesbatzak. Horren ostean, zerrendak moztu eta euskal etxeari buruzko hitz batzuk eskainiko dizkiete bildutakoei instituzio anfitrioiko ordezkariek. Etxe berria bedeinkatu ere egingo da eta horretarako, Bahia Blancako Laxague apezpikua bertaratuko da Viedmara; eta Buenos Aires eta Rio Negro probintzietako agintariei ere luzatuko zaie gonbitea. Zeremonia bukatzean, ohorezko ardoa eskainiko zaie gonbidatuei. Bigarren zati honetan euren lehenengo emanaldiak egingo dituzte etxeko abesbatzak eta dantza taldeak areto zaharberrituetan.
Irrikan dago Viedma eta Patagonesko euskal gizataldea bere instalazio berriak erabiltzen hasteko. Zabaldu eta berehala Aberri Eguneko festa egingo dute bertan, apirilaren 5ean, bazkari ederra barne. “Lehenbailehen hasi nahi dugu lekua disfrutatzen. Are gehiago, apirilean hasiko dira Euskal Etxearen aktibitate guztiak", "esan nahi baita dantza eta euskara klaseak, abesbatzaren entseguak eta, agian, txistu tailer batekin ere hasiko gara. Momentu ederrak bizitzen ari gara, proiektuz beteta. Oso une garrantzitsua da hau erakundearentzat”, jakinarazi digu euskal etxeko lehendakari Maria del Carmen Elzaurdiak.
Atzera kontua hasia dute honezkero eta pozik bezain lanpetuta dabiltza "Beti Aurrera Aberri Etxea" euskal etxeko kideak. Hala ere, euskal etxea inauguratu aurretik ere urteroko ohiko hitzorduei ez diete batere huts egingo eta martxoaren 7an Viedman hirian ospatuko den “Patagoniaren Burujabetza Jaian”, ekitaldi eta desfilean, ere hartuko dute parte.